BioCruces Bizkaiak 25 herrialdetako 150 ikertzaile bilduko ditu Cost Darter sarearen lehen topaketan

BioCruces Bizkaia
BIOCRUCES BIZKAIA
Actualizado: jueves, 21 febrero 2019 13:14

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Cost Darter sareko hasierako topaketa egingo da otsailaren 25etik 28ra bitartean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Ekitaldi Aretoan, azido erribonukleikoko (RNA) sendagaiak banatzeko metodoak hobetzeko helburuarekin. Sarea osatzen duten 30 herrialdeetako 25etik heldutako 150 ikertzailek hartuko dute parte.

Sarea osatzen duten 27 herrialde Europakoak dira (Alemania, Belgika, Bosnia-Herzegovina, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Eslovenia, Espainia, Estonia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Israel, Italia, Kroazia, Letonia, Malta, Norvegia, Polonia, Portugal, Serbia, Suedia, Turkia, Txekiar Errepublika eta Zipre), eta beste hirurak Txina, Kanada eta Amerikako Estatu Batuak (AEB) dira.

Cost Darter sarea BioCruces Osasun Iikerketa Institutuko Ikerbasque ikertzaile Virginia Arechavala doktoreak zuzentzen du, eta Cost ekimenetako bat da (Europako lankidetza zientzian eta teknologian). Lau urtez jasoko du Europako Batzordearen finantzaketa, eta haren xedea da Europako ikerketa zientifiko eta teknikoa indartzea, ikertzaileen arteko lankidetzasareak ezarriz.

Arechavala doktorearen hitzetan, lau urte hauetan Cost Darter ekimenaren xedea da "RNAn eragina duten sendagai genetikoen banaketa hobetzea". "Orain arte gaixotasun arraroen eremuan erabili izan dira gehienbat, baina beste gaixotasun batzuetan ere erabiltzen hasi dira poliki-poliki. Arazoa da sendagai mota hauek aplikatu direnean ez dutela gustatuko litzaigukeen bezain ondo funtzionatzen, eta uste dugu arazorik handiena dela ez direla ondo iristen iritsi behar luketen lekuraino", azaldu du.

Ildo horretan, doktorearen arabera, "badirudi sendagaien eraginkortasunerako oztoporik handiena dela kaltetutako ehunetara gaizki zabaltzen direla organismo barruan. Horrelako terapiak gero eta gehiago ikertzen diren arren, oso gutxi dakigu farmako hauek beren eraginguneetara heltzeko erabiltzen dituzten mekanismoez".

Konposatu horien ikerketa zatitua dago: ikertzaileek beren kasa egiten dute lan mundu akademikoan eta industrian, gaixotasun jakin batzuk ikertuz, oro har xede ehunetako ondorio terapeutikoak ardatz hartuta. Cost ekimen honen helburu nagusia da networking aukera hau baliatzea ezagutza partekatzeko, horrela farmako horiek beren potentzialtasun osoa gara dezaten eta aukera terapeutiko orokor bihur daitezen.

LANKIDETZA

Arechavala doktoreak esan duenez, Cost ekimenak "zientziako lankidetza sare erabat irekiak" dira: "Ikertzaile talde batek planteatutako ideia bat hartuta, interesa dutenek izena eman dezakete arazoa lantzeko, muga geografikorik edo hierarkikorik gabe".

"Izatez, lehen bilera honetan gaixotasunetan interesa duten ikertzaileek (ikertzaile klinikoak zein oinarrizkoak) eta konposatu horietako edo sendagaien banaketako adituek hartzen dute parte, bai eta pazienteek elkarteek, farmazia industriak edo arautzaileek ere. Bilera horretan parte hartu duten ikertzaileen %65 emakumezkoak dira, eta %48 ikertzaile gazteak", azaldu du.

Gainera, Arechavala doktorearen ustez, "garrantzitsua da foro honetan partekatzea emaitza negatiboak edo ez erabakigarriak, oso interesgarria delako ere funtzionatzen ez duen eta argitaratzen ez den hori ezagutaraztea, ikerketako bikoiztasunak saihesteko".

LEHEN BILERA

Horrela, Cost Darter sarearen hasierako bilerak hurrengo lau urteen plangintza egiteko balioko du. Epe horretan aukera egongo da gauza ugari egiteko, besteak beste, bilera txikiagoak, ikertzaileen prestakuntza, edota ikertzaile gazteen edo ikerketan inbertsio txikiagoa egiten duen herrialdeetako ikertzaileen egonaldiak.

Bileraren formatua honako hau izango da: hiru eguneko bilera, astelehenetik asteazkenera, eta laugarren eguna, osteguna, "Management committee" edo kudeaketa batzordeak barneko lana egin dezan.

BioCruces Osasun Ikerketako Institutua Europako sare berriko liderra izango da datozen lau urteotan oligonukleotido ez kodifikatzaileak garatzeko asmoarekin. Sendagai berri horietako gehienak gaixotasun arraroak tratatzeko sortu dira, eta haien erabileraren inguruko esperientzia handiena munduan barreiaturik dauden ikertzaile talde txikiek dute.

Hori dela eta, "sare honetarako finantzaketa lotu izana berri ona da; izan ere, hari esker aukera izango dugu datuak partekatzeko, akats berberak ez errepikatzeko eta irizpideak ezartzeko, arazoa elkarrekin konpontze aldera", esan du Arechavala doktoreak.