'Birusak, distopiak eta mundu berriak' aztertuko dituzte Jakin Jardunaldian

Jakin Jardunaldia
JAKIN
Actualizado: lunes, 25 mayo 2020 11:03

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Covid-19 gaitzaren ondoren etorkizuna irudikatzeko dauden usteak eta tresnak aztertuko ditu aurtengo Jakin Jardunaldiak, uztailaren 16an, Usurbilgo ikastolan (Gipuzkoa), 'Birusak, distopiak eta mundu berriak' lelopean, Udako Euskal Unibersitatearen (UEU), Jakin Taldearen eta Usurbilgo Udalaren elkarlanari esker. Segurtasun neurriengatik lekua mugatuko da, eta izena emateko epea zabalik dago.

Topaketak zortzi aditu eta aritu elkartuko ditu: Mario Zubiaga, Joseba Azkarraga Etxagibel, Arantza Etxeberria, Teresa Larruzea, Irati Zubia, Lorea Agirre, Aizpea Otaegi eta Agurtzane Solaberrieta. Jardunaldirako prestatutako beste autoreen testuak eta bideoak ere erabiliko dira, "denon artean egungo egoeraz eta, bereziki, ate joka dugun etorkizunaz gogoetatzeko", Jakin Taldetik adierazi dutenez.

"Covid-19ak izua zabaldu du, eta izua errealitate distopikoaz erditu eta distopiak 'normaltasun berria' ekarriko omen du", azaldu du Lorea Agirre Jakin Taldeko zuzendariak.

Bere hitzetan, bitarte horretan, "sistemaren aldamio ezkutuak, egiturazko akatsak eta mito eta usteen hauskortasuna azalera atera dira", besteak beste, "eskubide soziopolitikoak berrogeialdian, autoritate bakarra indarrean, informazioaren anabasa eta gezurraren zabaltzea, naturaren gainustiaketa, bizitzaren prekarizazioa".

"Eta horren kontrakarrean, baita jendearen arteko elkartasun uholdea ere: injustizia sozialari erantzuteko berariazko egiturak han eta hemen, publikoaren eta komunalaren arteko lankidetza berriak eta bestelako gizarte bat pentsatzeko eta eraikitzen hasteko diskurtsoak. Distopiari utopia bat" Horregatik, zergatiak, mitoak, korapiloak eta irtenbideak mahai gainean jarri eta partekatzeko saioa da Jakin Jardunaldia", azadu du.

Segurtasun neurriak ahalik eta modu egokienean bermatzeko, egun bakarrera ekarri dute seigarren Jakin Jardunaldia, eta uztailaren 16an izango da Usurbilgo ikastolan, areto zabal eta egoki batean. Hala ere, lekuak mugatu dira, eta ohi baino entzule gutxiagok hartu ahal izango dute parte. Izena emateko epea zabalik dago UEUren udako ikastaroen atalean: http://www.ueu.eus/ikasi/udako-ikastaroak