Bizkaia Aretoak 356 ekitaldi hartu zituen 2012an, bere lehen urtean baino %45 gehiago

Bizkaia Aretoa
EHU
Actualizado 2013/02/05 17:44:50 CET

BILBO, 5 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaia Aretoak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Bilboko Abandoibarran duen paraninfoak, 356 ekitaldi hartu zituen 2012an -ireki zenetik bigarren urtea-, hau da, eraikina inauguratu zen urtean baino 110 gehiago. Beraz, %45 hazi da bere jarduera, eta guztira, 47.667 lagunek parte hartu dute ekitaldi horietan.

Horrela, unibertsitateko zein unibertsitateaz kanpoko Bilboko kultur eskaintzaren eta biltzar, mintegi eta bileren antolaketaren "erreferente nagusietako bat bezala" finkatu da Bizkaia Aretoa, EHUko iturriek nabarmendu dutenez.

Jarduera zientifiko eta kultural horien bitartez, EHUk zuzenean lagundu du ezagutzaren zabalkuntzan eta zientziaren garapenean. Era berean, unibertsitate-esparru horretan burutu diren kontzertu, proiekzio eta erakusketek bat egin dute, hiriko beste esparruekin batera, Bilbo hiriburu kultural eta artistiko bezala sendotzen.

Guggenheim Museoa eta Euskalduna Jauregiaren artean eta Iberdrola dorrearen itzalean kokatuta, Bizkaia Aretoak hiru entzunareto(Mitxelena, 441 tokirekin; Baroja, 161ekin; eta Arriaga, 63rekin), lau erakusketa gela (Chillida, Oteiza, Axular eta Etxepare, guztien artean 540 metro karratu dituztenak), hainbat bilera gela, 400 metro koadro dituen hall bat eta Abandoibarra pasealekura begira dagoen lorategidun terraza bat ditu.

Joan den urtean, toki horien 1.252 erreserba egin dira, eta horrek %83ko okupazio-indizea eta egunean batez beste bost aretoren erabilera suposatu du. EHUk ekitaldi horien guztien %76 antolatu ditu.

2012an Bizkaia Aretotik kudeatu diren alokairuak eta zerbitzu osagarriek milioi erdi euro inguruko inpaktu-ekonomikoa sortu dute, unibertsitateko kideentzako erreserbak eta eraikinean burutzen diren kultur ekitaldi guztiak doakoak diren arren.

EKITALDIAK

Martxoa eta azaroa izan ziren Bizkaia Aretoan jarduera gehien izan ziren hilabeteak, eta jende gehien bildu zituzten ekitaldiak izan ziren "Menchu Gal: Kolorearen indarra" erakusketa -otsailaren 28ra arte bisitatu daitekeena-, Amazings 2012 zientziaren zabalkunderako topaketa, 12th Annual Conference of the European Society of Criminology biltzarra, Nuevos Paradigmas para el fomento del Empleo nazioarteko biltzarra eta Master Eguna (EHUren master eta berezko tituluei buruzko jardunaldia).

Biltzarrak, mintegiak eta erakusketak hartzeaz gain, Bizkaia Aretoa Bizkaia Bilbao Arte eta Kulturak (BizBAK) antolatzen dituen ekintzen egoitza ere bada, hau da, EHUk antolatzen duen kultur egitaraua eta udako ikastaroak ere bertan burutzen dira.

Bizkaia Aretoaren erabiltzaileek bete dituzten gogobetetasun-inkestetan ematen den batez besteko nota 8,98 da. Inkesta horietan, instalazioen kalitatea eta eskaini zaien zerbitzua puntuazioa emateko aukera izan dute erabiltzaileek.

Hector Hernando Bizkaia Aretoko zuzendariak adierazi duenez, "EHUko kide guztiek beren eskura daukate esparru hau jarduera zientifiko eta kulturalak doan garatu ahal izateko, eta hori ekarpen garrantzitsu bat da unibertsitate honek sustatzen dituen baloreak garatzeko. Beste alde batetik, kontuan izanda Bizkaia Aretoak urte biko ibilbidea bakarrik duela, orain arte lortutako emaitzak argi eta garbi erakusten dute zein den eraikin honek eragiten duen jarduera kopuruaren maila altua".

Bestalde, Carmelo Garitaonandia EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak nabarmendu duenez, "Bizkaia Aretoa funtsezko gune bilakatu da EHUko zientzia eta kultura Bilboko bihotzean zabaltzeko".

Bizkaia Aretoak jarduera garrantzitsuen egoitza izaten jarraituko du. Besteak beste, 2013. urterako iragarrita dauden ekimenen artean nabarmendu daitezke International Conference On Renewable Energies And Power Quality (ICREPQ 2013), 5th European Conference on Intellectual Capital, 16th Conference History of Concepts, Ingeniaritzako zenbaki-metodoen Nazioarteko Biltzarra (CNM 2013), Amazings 2013 zientziaren zabalkunderako topaketa edo "Balenciaga Argitzen" erakusketa.