Bizkaia Zubiaren garrantzia nabarmendu du Urkulluk, "euskal industriaren urrezko aroaren ikur bat baita"

Ekitaldian izan diren ordezkariak
IREKIA
Actualizado: lunes, 11 febrero 2019 15:26

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru izan da Bizkaia Zubiaren 125. urteurrena amaitzeko Portugaleten egin den ekitaldian, eta bere hitzaldian azpiegituraren garrantzia nabarmendu du, "euskal industriaren urrezko aroaren ikur bat baita".

Urkullurekin batera, ekitaldian izan dira Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muela, beste instituzio batzuetako ordezkariak eta Bizkaia Zubiaren presidente María Uriarte.

Bizkaia Zubiak "Ondare industrialaren eta ondare kulturalaren" ikuspegitik duen garrantzia azpimarratu du Urkulluk, eta euskal gizartea gai izan dela "errespetuaren eta tolerantziaren oinarri sendoen gainean zubiak eraikitzeko, jatorri, gizarte-maila eta ideologia desberdinetako pertsonen artean".

Ildo horretan, Bizkaia Zubiaren zuzendaritzatik nabarmendu dutenez, azken hilabeteotan ospatu den 125. urteurrenean "herritarrak partaide izatea" lortu nahi izan dute, bai eta "Alberto de Palacio Elissague euskaldun unibertsalaren izaera berritzailea berreskuratzea ere, obra ederra, berezia eta aitzindaria utzi baitzigun, Unescok Munduko Ondare izendatua".

Halaber, 125. urteurrenak "gure ondare kulturala eta gure ondare industriala gehiago balioesteko" balio izan duela nabarmendu du Urkulluk", eta "zubiaren inaugurazioak nazioartean izan zuen oihartzuna" eta munduko aurreneko transbordadore zubiaren balio arkitektonikoa gogoratu ditu.

"Era berean, hilabete hauetan, Alberto de Palacio Elissague gogora ekarri dugu eta haren lana aitortu dugu. Jatorriz Sarakoa eta Bizkaian hazia, arkitekto aparta izan zen eta bere ibilbidean gailurra izan zen obra hau utzi zigun: Zubi Esekia edo Bizkaia Zubia", adierazi du.

Bizkaia Zubia "Iraultza Industrialeko burdinaren arkitektura gailenetako bat" dela azpimarratu du: "Zubi hau euskal industriaren urrezko aroaren ikur bat da, metalgintzari lotutako gure iraganarena. Iraultza Industrial horrek gure gizartea zeharo eraldatu zuen".

Azkenik, "zubiak eraikitzen jarraitzeko premiaz" jardun du, gizarte kohesionatuago bat sendotzeko: "Duela 125 urte elkarri bizkar emanda bizi ziren bi mundu banantzen zituen Bizkaia Zubiak. Orain, zorionez, gizarte kohesionatuago bat hartzen du barnean. Eta horixe da obra goren honek erakusten digun 'arrakasta soziala': jatorri, gizarte maila eta ideologia desberdinetako pertsonen artean zubiak eraikitzeko euskal gizarteak izan duen ahalmena, betiere errespetuaren eta tolerantziaren oinarri sendoen gainean".