Bizkaiko 36 udalerrik euskarazko hezkuntza ereduaren aldeko informazio kanpaina abian jarri dute

Actualizado 2013/01/16 14:02:54 CET

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko 36 udalerrik euskarazko hezkuntza ereduaren aldeko informazio kanpaina jarri dute martxan, eta 2013-2014 ikasturteko aurrematrikulazio kanpainan umeak lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoen artean egingo da. Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak koordinatuta, 2 eta 3 urte arteko seme-alabak dituzten 7.000 familiari zuzenduko zaie kanpaina.

   Kanpainaren arduradunek adierazi dutenez, duela lau urtetik "D bitamina, Aberastu bere heziketa!" egitasmoa abian jarri da Bizkaiko hainbat udalerritan, eta aurten ere lurraldeko 21 udalerri eta bi mankomunitatek elkarlanean burutu dute ekimena. Urte hasieran zabalduko dute informazio-kanpaina, 2 eta 3 urte arteko umeen eskolatze-aldia hasi baino zertxobait lehenago, gurasoek bidalitako informazioaren inguruan hausnarketa egiteko astia izan dezaten.

   Alkarbidek koordinatu duen ekimen honetan 7.000 liburuxka inguru banatuko dira kanpainan parte hartu duten udalerrietan. Aurten, gainera, kanpainari buruzko iritzia jasotze aldera, inkesta bat ere bidaliko zaie hartzaileei; inkesta horren bidez, kanpainari buruzko iritzia emateaz gain, gurasoek euren kezka eta zalantzak ere helarazi ahal izango dizkiete euskara zerbitzuetako arduradunei. Inkesta betetzen duten guztien artean euskarazko produktuen sorta zozkatuko da.

   Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea dira kanpainaren helburuak.

   Parte-hartzaileei dagokienez, 21 udal eta bi mankomunitate dira; beraz, guztira, 36 udal: Abanto-Zierbena, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbo, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika,  Gordexola, Leioa, Mungia, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea, Urduña, Zaldibar eta Zierbena.

   Kanpainaren osagarri nagusiak lau dira: udaleko ordezkariren batek sinatutako gutuna, euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen duena; gutuna bidaltzeko gutunazala (gutunazalaren beraren barruko aldean agertzen dira D eredua aukeratzeko arrazoiak); eskolan hasiko diren neska-mutilentzako oparia; gurasoek kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko inkesta.