Bizkaiko Aldundiak 3,5 milioi erabiliko ditu nekazaritza ustiategietan inbertitzeko eta gazteak sektorera erakartzeko

Nekazaritza sektorerako diru laguntzak iragarri ditu Bizkaiko Aldundiak
UPA - Archivo
Actualizado: martes, 18 diciembre 2018 17:05

BILBO, 18 Dic. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak nekazaritza sektorera zuzenduriko bi laguntza lerro onetsi ditu astearte honetako gobernu bileran: nekazaritzako ustiategietan inbertitzeko finantzaketa emateko eta gazteak sektorean lanean has daitezen. Guztira, foru erakundeak 3,5 milioi euro banatuko ditu laguntzetan.

Elena Unzueta Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, laguntzek helburu bikoitza dute: alde batetik, nekazaritzako ustiategien egiturak modernizatzen eta ekoizpen prozesuetan teknologia berriak sartzen laguntzea, eta, bestetik, ekoizpen sektorea gaztetzen laguntzea, belaunaldien arteko erreleboa sustatuz eta gazteek beren negozioak abian jar ditzaten erraztuz.

Zehazki, gazteek enpresak sor ditzaten, 875.000 euroko aurrekontua izango da. Diru laguntzak eskuratu ahalko dituzte 18 eta 41 urte bitarteko pertsonek, baldin eta egiaztatzen badute nekazaritza arloko ikasketa titulu bat eskuratu dutela, bigarren mailako Lanbide Heziketari edo erdi nahiz goi mailako heziketa ziklo bati dagokiona, edo frogatzen baldin badute bi urte baino gehiago aritu direla lanean beste nekazari baten ustiategian edo hirugarren baten ustiategietan lanean.

Horrez gain, eskatzaileek onartu beharko dute beren ustiategiak Gaztenek prozeduran xedatutako baldintzei jarraituz ezartzea -prozedura horri jarraitzen zaio EAEn lehen sektorean lanean hasten diren gazteak laguntzeko eta tutorizatzeko-, eta Gaztenek 2020 Balorazio Batzordeak aurretik onetsitako enpresa plana aurkeztu beharko dute.

Laguntza 20.000 eurokoa izango da gutxienez, lanean hasi eta lehenengo bi urteetako soldata gisa. Zenbateko horretatik aurrera diru laguntza handitzeko aukera egongo da, tarteka, gehienez ere 70.000 eurora arte, hautaketa irizpideekin bat etorriz enpresa plana zenbat punturekin baloratzen denaren arabera.

INBERTSIOAK

Bestalde, inbertsioetarako laguntza lerroak 2,6 milioi euro hartzen ditu barne, eta, haren bidez, finantzaketa emango da eraikin berri bat erosteko edo eraikitzeko, edo nekazaritzako nahiz abeltzaintzako eraikinetan eta instalazioetan hobekuntzak egiteko; lehenengo eskuraketako makina, ekipo edo instalazio finkoak erosteko; ortufrutikulturako instalazio berriak ezartzeko; energia berriztagarria zein bioenergia ekoizteko instalazioak jartzeko; edo ekipamendu informatikoa erosteko, besteak beste.

Laguntzaren bat eskatzeko epea 2019ko otsailaren 1era arte egongo da zabalik. Gazteak sektorean lanean hastea helburu dutenen kasuan, eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira halabeharrez.

Inbertsioak finantzatzea helburu dutenak, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira. Nolanahi ere, kasu horretan, honako leku hauetan ere eska daitezke laguntzak: ustiategia kokatuta dagoen lekuari dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren Landa Garapeneko Zerbitzuaren bulegoetan, sail honen erregistroan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Erregistro Nagusian.