Bizkaiko Aldundiak ia 4,5 milioi euro erabiliko ditu aurten nekazaritza arloko inbertsioetarako

Nekazaritzan inbertsioak egingo ditu Bizkaiko Aldundiak
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado 2013/01/08 15:21:27 CET

BILBO, 8 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak ia 4,5 milioi euro zuzenduko ditu 2013. urtean nekazaritza arloko inbertsioetara, hasi berri den ekitaldirako Sailak berak zehaztu dituen lehentasunekin bat etorriz. Bizkaiko Nekazaritza Sailak dituen programen artean garrantzitsuenetakoa da eta aurreko urtekoen antzeko kredituak izango ditu: aurrekontu-sail handiena nekazaritzako egituretan egindako inbertsioei laguntzeko planak hartuko du, familiarteko ustiategiak modernizatu eta nekazaritzak Bizkaian egun dituen erronkei erantzuteko.

Diru horren zati handi bat gazteak sektorera erakartzeko erabiliko da, eta, horretarako, laguntza emango zaie lehen instalaziorako, proiektuen ebaluazio eta monitorizaziorako, erraztasunak emango zaizkie lurra lortzeko eta egun nekazari gazteek kudeatutako ustiategien finkapena lortu nahi da, sektore indartsuago eta dinamikoagoa lortzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak, astearte honetan egin duen bileran, eskabideen deialdia ere onetsi du: ustiategi bakoitzari dagokion eskualdeko nekazaritza-bulegoan izapidetu ahal izango dira eskabideok. Espedienteak Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuak izapidetuko ditu, eta Nekazaritzako foru diputatuak ebatziko. Horretarako, gehienez ere, sei hilabeteko epea egongo da, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen azken egunetik hasita.