Bizkaiko Batzar Nagusien eraikinek %10 aurreztuko dute aurten energiaren fakturan

Actualizado 2013/01/02 14:09:48 CET
Europa Press

BILBO, 2 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Batzar Nagusien eraikin ofizialetan aurten hasiko dira energia-eredu berria ezartzen, eta, besteak beste, urteko fakturan %10eko aurrezpena ekarriko du. Foru erakundearen lau eraikinek (Bilboko administrazino egoitzak eta Gernika, Urrestieta eta Gerediagako batzar-etxeek) energia sistema eraginkorragoa eta iraunkorragoa izango dute 2013an, ingurumen eragina nabarmen gutxituz. Horri esker, urteko 100 tona inguruko murrizketa izango da negutegi efektuko gasetan.

Erakundeko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, eskura dituen baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzeko eta ingurumena zaintzeko hartutako konpromisoaren ildotik, Batzar Nagusiek eredu berria aukeratu dute eraikinen mantentze-lanak egiteko eta energia hornikuntza jasoteko.

Kontsumoa murrizteak isurketen murrizketa handia eragingo du, batetik instalazioak erregulatzeko eta kontrolatzeko sistema berria eta mantentze berezitua erabiliko diralako, eta, bestetik, sistema hori errekin garbiago eta kutsadura gutxiagokoen bitartez horniduko dalako, esaterako, biomasearen bitartez. Teknologia eraginkorragoak erabiliko dira argia eta beroa sortzeko (LED argiak eta kondentsazio-galdarak) eta berriztu egingo da airea girotzeko tresneria.

"Bizkaiko Batzar Nagusien etxeetako energia-hornikuntza eta zerbitzurako eta instalazio termiko eta elektrikoen mantentze osorako kontratua" delakoaren esleipena lortu dauen enpresearen eskaintzan 498.254 euroko (BEZ barik) inbertsioa aurreikusten da, urtean gutxienez %10eko aurrezpena izango dela eta kontratuak duen hamar urteko epean 900 CO2 tona gutxiago isuriko direla bermatuz.

Energia-eredu horren alde Batzar Nagusiek egin duten apustuari esker, Energiaren Euskal Erakundeak energia-eraginkortasuna lortu nahi dutenei ematen dien diru-laguntza jaso ahal izan da. Inbertsioaren zeharbidezko ondoren moduan, enpresa adjudikatarioa konprometitu egin da Bizkaian lanpostuak sortzea suspertzera.