Bizkaiko Ogasunak iruzurruraren aurkako borroka egiten duen kudeaketa zabalduko du

Actualizado 2011/01/27 18:36:23 CET

BILBO, 27 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak lankidetzarako akordio bat izenpetu du Detica NetReveal enpresa britainiarrarekin, Sailak zerga-itzurpena prebenitzeko dituen sistemak indartu eta iruzurraren kontrola hobetzeko. Horrela, Bizkaian egon daitezkeen iruzurgileak identifikatu ahalko dira.

Detica NetReveal enpresak iruzurraren arriskua kudeatzeko eskaintzen duen irtenbideak aukera emango dio Bizkaiko Ogasunari defizit fiskala txikitzeko; izan ere, iruzurraren arriskua gutxitu eta aitorpenen kudeaketa hobetzeko aukera ematen du, irtenbide horren ikuspegian zergaduna baita ardatz.

Irtenbide horrek pertsonen eta datuen arteko lotura ezkutuak aurkitzen ditu, eta bermatzen du, batetik, zehatz egiaztatzen dela zergadunek euren betebeharrak betetzen dituztela eta, bestetik, dirua zuritzeko operazioak detektatzen direla, bai iruzur oportunista hutsak direnak, bai eta eskala handiko iruzur antolatuak ere, antolaketen sistemetan ezkutatzen direnak, hain zuzen.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantzen diputatuak adierazi duenez, "kontent gaude, zerga iruzurraren aurkako borrokan ditugun lankidetza-sareak eta jarduerak areagotzea lortu baitugu; izan ere, iruzur mota hori da gure gizarteak duen gaitz handienetako bat, insolidarioa da eta".

Bestalde, Max Richter Detica NetReveal enpresaren Europarako arduradunak gaineratu duenez, "oso pozik gaude Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera lan egiteko aukera honengatik, eta zergadun ondratuei euskarria eman eta zerga iruzurraren aurrean tolerantziarik batere ez izaten lagundu ahalko diogulako Aldundiari".