Blas de Otero Poesia Lehiaketan eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan saritutako azken lanak argitaratuta

Literatur lehiaketa bateko irabazleak.
Literatur lehiaketa bateko irabazleak.BILBOKO UDALA - Archivo
Actualizado: lunes, 24 junio 2019 16:44

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Blas de Otero Bilboko Hiria Poesia Lehiaketako 2018ko edizioan saritutako poema liburuak eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako 2017ko eta 2018ko edizioetan euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan saritutako ipuinak argitaratu berri ditu Bilboko Udalak, Erein eta Devenir argitaletxeekin batera, liburugintza eta literatur sorkuntza sustatzeko jardueren baitan.

Horrela, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, alde batetik, Paloma Rodriguez idazle eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslearen "Oroimenaren Xaflakortasunaz" lana kaleratu du. Epaimahaiak "ohikoa ez den poesia sorkuntza" baloratu zuen, bere bertute nagusiak "iradokizuna eta gaien batasuna" izanik.

Gaztelaniazko modalitateari dagokionez, Angela Alvarez poeta madrildarraren "Palabra vegetal" lana izan zen saritua, "idazketa aztertzailearen plastikotasuna azpimarratzen duen lana, hitza errealitateen sortzaile gisa agertuz".

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketari dagokionez, euskaraz idatzitako ipuinen modalitatean, 2017an eta 2018an saritutako ipuinak hauek dira: Amaia Lekunberriren "Ezkontza" eta Gilen Mejutoren "Mutxikina eta zuztarra". "Ezkontza" lanaren kasuan, epaimahaiaren iritziz ipuin "freskoa eta ausarta" da. Orijinaltasuna eta punturik erabili gabe oso lerroalde luzeak idazteko zailtasuna ere baloratu zen. Gilen Mejutoren kontakizunari dagokionez, gauza txiki-txiki eta arrunta, unibertso txiki eta erakargarria, orijinaltasun handiz sortzean egileak erakutsi zuen meritua saritu zuen epaimahaiak.

Bi edizioetako accesitak hauek dira: Aritz Gorrotxategiren "Burua leihoan jarrita" eta Nerea Arrienen "Matrioska" 2017an, eta Garazi Esnaolaren "Teilatupean zoro dantzan" eta Juan Luis Zabalaren "N-634" 2018an.

Gaztelaniazko liburukiak 2017an eta 2018an saritutako ipuinak jasotzen ditu: Marcelo Britos idazle eta literatura irakasle argentinarraren "Vienen" eta Cadizko Antonio Tocornalen "Cundi Macundi" kontakizunak dira. Sariketan emandako lau accesitekin osatu da liburua: Mariano Catoniren "El caso del niño basura", Jack Babiloniren "El recién perforado cráneo de los pecaríes", Hector Prahimen "Aflicción" eta Manuel Moya Escobarren "Que amanecía".

Lau liburuak salgai daude jada liburu dendetan, eta eskuragarri Bilboko Udal Liburutegi Sarean. Blas de Otero Bilboko Hiria Poesia Saria eta Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa urtero antolatzen ditu Bilboko Udaleko Kultura Sailak, literatur jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzeko eta bi egile bilbotarren oroimena eta lana bizirik eusteko.