Brian de Palmaren film berriaren aurretiko estreinaldia ostegunean Bilbon, Fant jaialdiaren eskutik

"Domino" Filmaren Kartela.
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 27 enero 2020 13:37

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak antolatzen duen Fant zinemaldi fantastikoak 26. edizioa egingo du maiatzaren 8tik 16ra, eta, aurten ere, generoan egin diren azken lanen aurretiko estreinaldiak eskainiko ditu aurreko hilabeteetan. Bada, aurtengo lehen hitzordua ostegunean izango da, hilaren 30ean, Brian de Palma zinemagile estatubatuarraren 'Domino' film berriaren aurretiko estreinaldiarekin. Pelikula otsailaren 21ean estreinatuko da areto komertzialetan.

Fant jaialdiak joan den urtean jarri zuen martxan ekimen hau, bere 25. edizioa zela eta, eta "bere ikus-entzuleekin elkartzeko aitzakia da", Bilboko Udaleko iturriek adierazi dutenez.

Filmaren emanaldia 20:00etan hasiko da, Golem-Alhondiga zinema aretoetan. Sarrera doakoa izango da, proiekzioaren egunean 16:00etatik aurrera txarteldegian jaso beharko den gonbidapenarekin -pertsona bakoitzeko bi gehienez, eserleku guztiak bete arte-.

Brian de Palmak zuzendutako "indar handiko thriller garaikidearen" protagonistak Nikolaj Coster-Waldau eta Carice van Houten dira, eta Guy Pearce ageri da antzezle taldea osatuz. Lankidearen hiltzailea aurkitzeko ofizial batekin elkartzen den Danimarkako polizia bat da istorioaren protagonista. Bikoteak ez dakiena da jazarten ari diren pertsonak CIAren operazio berezi batean egiten duela lan, eta Europan ISIS erakundearen zelula terrorista baten arrastoa jarraitzen ari dela.

Bestalde, Bilboko Udalak jakinarazi du ireki duela Fant 26 jaialdiarako film laburrak eta luzeak aurkezteko epea eta kopiak jasotzeko azken eguna martxoaren 1a izango dela. Lehiaketara materialak aurkezteko prozedura eta behar den informazio osagarri guztia www.fantbilbao.eus webgunean agertzen diren oinarri osoetan kontsulta daitezke.