Bziber egitasmoa aurkeztuko dute asteazkenean Bilbon, Euskararen Etxean

Bziber lehiaketa
AZKUE FUNDAZIOA
Publicado: martes, 7 julio 2020 18:22

BILBO, 7 Jul. (EUROPA PRESS) -

Azkue Fundazioak Bziber egitasmoa aurkeztuko du asteazkenean, uztailaren 8an, Bilbon dagoen Euskararen Etxean. Bizkaiko 11 eta 13 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa bat da, Tik Tok plataforman oinarrituta.

Aurkezpena 10:30ean izango da, eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak eta Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak parte hartuko dute. Egitasmoaren inguruko xehetasun gehiago emango dituzte bertan.

Aurreratu dutenez, uztailaren 9tik 15era bitarte, Edurne Azkarate aktoreak erronkak proposatuko dizkie gazteei probak egin ditzaten. Behin lau proba gaindituta, Iphone 8 baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

Halaber, Azkue Fundaziotik adierazi dutenez, Ainhoa Etxeberria eta Egoitz Txurruka 'Txurru' Euskadi Gazteako kide eta ETBko aurpegi ezagunak lehiaketaren jarraitzaile nabarmenak izango dira.

Lehiaketan parte hartu nahi duen gazte orok Bziber lehiaketaren jarraitzaile izan beharko du sare sozialetan (@bziber_lehiaketa kontua, Tik Tok eta Instagramen), eta gero, Edurne Azkarate aktoreak proposatuko dituen erronken argibideei adi egon beharko dute, probak burutu eta gainditzeko.