CAF-Elhuyar sarietara lanak aurkezteko epea otsailaren 12an amaituko da

CAF-Elhuyar sariak.
ELHUYAR
Publicado: sábado, 23 enero 2021 12:34

DONOSTIA, 23 Ene. (EUROPA PRESS) -

CAF-Elhuyar sarietara lanak aurkezteko epeak zabalik darrai, eta otsailaren 12an itxiko da. Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea helburu duen ekimenaren aurtengo goiburua 'Ezagutza da txertoa' da. cafelhuyarsariak.elhuyar.eus posta elektronikora bidalita aurkez daitezke lanak.

Sariketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, ohi bezala, hiru kategoria izango dira: dibulgazio artikuluak, kazetaritza lanak eta sorkuntza beka. Azken kategoria horretan berrikuntza bat izango da aurten, bi sari emango baitira, baten ordez.

Zehazki, dibulgazio artikuluen kategoria bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio artikulu orokorrak eta egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluak. Azpikategoria horien irabazleek, 2.000na euroko saria, 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza bana eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana eskuratuko dituzte.

Halaber, zientzia kazetaritzaren arloko lanen kategoriari dagokionez, 2.000 euro, 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu irabazleak.

Azkenik, 'Zientzia Gizartean' sorkuntza bekaren kategorian, zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartuko dira. Aukeratutako proiektuen egileek hura gauzatzeko 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute, baita eskultura ere.

Azken urteetan egin den moduan, oraingoan ere, Neiker sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta beste sariekin bateragarria.