Charles Freger argazkilariak Europako maskaradei buruz egindako lanak aurkeztuko ditu Bilboko Euskal Museoak

Actualizado 2012/03/12 13:47:47 CET
Kroaziako Dondolasi
Foto: BILBOKO EUSKAL MUSEOA

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Euskal Museoak, Dichroma-Photographyren eskutik eta "Inauteria Europako Erregea" proiektuaren barruan, Charles Freger argazkilari frantsesak Europako 19tik gora herrialdetan maskaradei buruz egin duen lana aurkeztuko du asteazkenean, martxoaren 14an.

   Egileak aukeratutako 60 argazkiren bitartez, 'wilder mann' basapiztiaren itxurako gizonaren ideiaz jabetuko dira bisitariak, eta, era berean, Europako hainbat herrialdetako inauterietan izan ohi duen errepresentazioa ezagutuko dute, museo bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez.

   Batzuetan, protagonista nagusiak larruak izango dira; beste batzuetan adarrak edo lastoa, beti direlako naturako eta inguruko elementuak; baina pertsonaiak koloretsuak zein ilunak izan, beti dira beldurgarriak. Horretarako, adarrak, zintzarriak edo mozorroak erabiltzen dituzte, eta modu erritmikoan mugitzen dira, batzuetan figura bakarti gisa, eta beste batzuetan taldean, animalia-saldoa balira bezala.

   Erakusketa hainbat argazkiz dago osatuta: formatu handiko lau argazki (101 x 145 cm), 101 x 77 cm-ko 36 argazki, eta 37 x 47 cm-ko 20. Argazkiak benetan ikusgarriak dira.

   Charles Freger Rouenen (Frantzia) jaio zen, 1975ean, eta Arte Ederretan diplomatu zen Rouengo Arte Ederren Eskualdeko Eskolan. Gizarte-taldeen errepresentazio poetiko eta antropologikoan aritu izan da, eta bere lanek gazte garaikideen itxurari buruzko hausnarketa proposatzen dute.

   Piece of Cake (www.pocproject.com) sarearen eta POC argitaletxearen sortzailea da, eta bere lanak Frantzia, Suitza, Japonia, Luxenburgo eta Italiako museoetan ikusi ahal izan dira, bai eta Frantzia, Belgika, Finlandia, Suitza, Portugal, Holanda, Ingalaterra, Italia, Alemania, AEB, Luxenburgo eta Hungariako arte-galerietan ere.

   Erakusketaren aurkezpena eta inaugurazioa asteazkenean izango da, 19:30ean, eta han izango dira Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Iñaki Lopez de Agileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, Amaia Basterretxea Bilboko Euskal Museoaren zuzendaria, Boris Izaguirre telebistako aurkezle, idazle, gidoigile eta artikulu-egilea eta Charles Freger lanaren egilea bera.

   Erakusketaren inaugurazioan Altsasuko Inauteriak kolektiboa ere egongo da, Charles Fregerren argazki-erreportajean parte hartu zuten sei pertsonaiarekin: Estandartea, Momotxorroa, Juantranposo, Maskarita, Akerra eta Sorgina. Eurekin batera, Mececerreyesko (Burgos) inauteri ikusgarriko ordezkariak ere izango dira.