El Corte Ingles, Carrefour, Uvesco eta Eroskik Euskaraldian parte hartzera animatu dituzte beren langile eta bezeroak

Lau merkataritza guneetako ordezkariak, Zupiria eta Dobaranekin
IREKIA
Actualizado: miércoles, 21 noviembre 2018 14:53

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

El Corte Ingles, Carrefour, Uvesco eta Eroski merkataritza gune handiek Euskaraldia ariketa sozialarekin bat egin dute. Asteazken honetan Bilbon izandako ekitaldi batean, publikoki adierazi dute merkataritza esparruan hizkuntza ohituren aldaketaren aldeko ariketa sozialean parte hartuko dutela. "Gure langile, bazkide eta bezeroei dei egiten diegu, hala nahi badute, Euskaraldian parte har dezaten eta gure saltokietan ahobizi eta belarriprest izan daitezen", adierazi dute merkataritza guneok sinatu duten dokumentu batean.

Lau merkataritza gune handi hauetako ordezkariak Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordearekin izan dira ekitaldian. "Lan munduan euskararen erabilera sustatzeaz ari garenean, ezin dugu ahaztu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea ere badela gizarte aurreratu eta demokratikoenen ezaugarri nagusietakoa. Eskubide horiek babesteko neurriak hartzeko konpromisoa hartuz, Kontsumitzaileen dekretuaren eraginpeko enpresa pribatuekin (finantza entitateak eta merkatal gune handiak) harremanak eta lankidetza indartzen ari gara", adierazi du Dobaranek.

Lau merkataritza gune handi hauek eta beste batzuek hitzarmen bat sinatu zuten 2016an Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin, hizkuntza eskubideen gaiarekiko jarrera proaktiboa garatzeko konpromisoa agertuz. Orain, pauso berri bat eman nahi izan dute eta Euskaraldiarekin bat egin dute.