Covid-19ak 36 hildako eragin ditu EAEn azken astean eta 735 positibo berri azken egunean

Anbulantzia bat Galdakaoko ospitalean.
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: miércoles, 13 enero 2021 12:47

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Covid-19 gaitzaren 36 hildako izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urtarrilaren 4tik 10era bitarteko astean, aurrekoan baino 21 gutxiago. Gainera, 735 kasu positibo berri zenbatu dira asteartean, bezperan baino 82 gutxiago, eta positibo tasa %5,0ra jaitsi da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez.

Zehazkiago, asteartean 14.649 test diagnostiko egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (11.136 PCR eta 3.516 test antigeno), eta horien guztien artetik 735 kasu positibo berri zenbatu: 114 Araban, 370 Bizkaian, 237 Gipuzkoan eta 14 EAEtik kanpo bizi diren pertsonetan. PCR proben positibo tasa %3,1 izan da, eta test antigenoena %11,1.

Gaitzaren birsorkuntza tasa 1,24 da EAEn (1,18 Araban, 1,32 Bizkaian eta 1,13 Gipuzkoan), eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 336,68 kasukoa (Araban 323,73, Bizkaian 335,06 eta Gipuzkoan 331,87).

Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia tasa metatua 342,62 kasukoa da Gasteizen, 359,62koa Bilbon eta 303,74koa Donostian. Halaber, 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Arabako Agurain (616,48), Bizkaiko Bermeo (863,39), Lekeitio (774,87), Muskiz (1.002,81) eta Zornotza (720,58), eta Gipuzkoako Andoain (660,53), Beasain (756,01), Villabona (625,32) eta Zumaia (783,56) eremu gorrian daude.

Azkenik, ospitaleen egoera hizpide hartuta, koronabirusaren ondorioz beste 50 pertsona erietxeratu dituzte asteartean, eta guztira 355 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino hamar gehiago. Gainera, gaitza duten 78 pertsona zainketa intentsiboen unitatean (ZIU) daude, bezperan baino hiru gehiago.