Covid-19ak kutsatutako 317 kasu berri zenbatu dira EAEn eta orotara 6.057 daude

Osasun langileak
H. BILBAO - EUROPA PRESS
Actualizado: lunes, 30 marzo 2020 13:20

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Covid-19 gaitzak kutsatutako 317 pertsona gehiago erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), igandean zenbatutakoen erdia inguru, eta guztira 6.057 daude birusak jota, horietatik 1.966 ospitaleratuta. Gainera, 32 heriotza gehiago izan dira igande arratsaldeko 20:00ak arte, eta guztira 297 lagun zendu dira krisia hasi zenetik. Sendatutako eta ospitaleko alta jaso duten pertsonak 1.646 dira.

Hala eman du jakitera astelehen honetan Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, koronabirusak EAEn izan duen bilakaeraren berri emateko egunero egiten den prentsa agerraldian.

Herrialdeka, orain arte Araban 2.049 kasu positibo zenbatu dira (horietatik 376 ospitalean daude), Bizkaian 2.937 (1.233 ospitalean) eta Gipuzkoan 1.071 (357 erietxean). Gainera, Araban 123 lagun hil dira orain arte, Bizkaian 133 eta Gipuzkoan 41.