Covid-19aren 771 kasu berri izan dira EAEn eta positibo tasa %5,9 da

PCR probak egiten
Ion Alcoba - Europa Press - Archivo
Actualizado: jueves, 14 enero 2021 12:50

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Covid-19 gaitzaren 771 kasu positibo berri zenbatu dira asteazkenean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bezperan baino 36 gehiago, eta positibo tasa %5,9ra igo da. Gainera, 83 gaixo zainketa intentsiboen unitatean daude erietxeratuta, aurreko egunean baino bost gehiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegun honetan jakinarazi duenez.

Zehazkiago, asteazkenean 13.021 test diagnostiko egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (9.407 PCR eta 3.614 test antigeno), eta horien guztien artetik 771 kasu positibo berri zenbatu: 119 Araban, 428 Bizkaian, 209 Gipuzkoan eta 15 EAEtik kanpo bizi diren pertsonetan. PCR proben positibo tasa %3,8 izan da, eta test antigenoena %11,5.

Gaitzaren birsorkuntza tasa 1,19ra jaitsi da EAEn (1,19 Araban, 1,29 Bizkaian eta 1,16 Gipuzkoan), eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 348,64 kasura igo (Araban 340,09, Bizkaian 350,81 eta Gipuzkoan 334,65). Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia tasa metatua 350,68 kasukoa da Gasteizen, 382,71koa Bilbon eta 305,39koa Donostian.

Halaber, 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Arabako Agurain (635,16), Bizkaiko Bermeo (792,43), Gernika-Lumo (517,61), Lekeitio (830,22), Markina-Xemein (776,12), Muskiz (1.016,18) eta Zornotza (803,53), eta Gipuzkoako Andoain (707,23), Beasain (741,74), Villabona (659,12) eta Zumaia (824,26) eremu gorrian daude. Modu honetan, udalerri hauek guztiak itxi egin behar izango dira ostiraleko 00:00etatik aurrera.

Azkenik, ospitaleen egoera hizpide hartuta, koronabirusaren ondorioz beste 74 pertsona erietxeratu dituzte asteazkenean, eta guztira 368 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 13 gehiago. Gainera, gaitza duten 83 pertsona zainketa intentsiboen unitatean (ZIU) daude, bezperan baino bost gehiago.