Covid-19aren 792 positibo berri izan dira EAEn eta intzidentzia tasa 371 kasura igo da

Archivo - Langile bat osasun materialarekin.
H.BILBAO-EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: viernes, 9 abril 2021 12:39

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Covid-19 gaitzaren 792 kutsatze berri aurkitu dituzte ostegunean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), bezperan baino lau gehiago, eta positibo tasa %7,4 izan da. Gainera, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 371,96 kasura iritsi da, aurreko egunean baino 8,55 gehiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera.

Zehazkiago, 10.709 test diagnostiko egin dira ostegunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (7.375 PCR eta 3.334 test antigeno), aurreko egunean baino 329 gutxiago, eta horien guztien artetik 792 kutsatze berri aurkitu: 140 Araban, 314 Bizkaian, 334 Gipuzkoan eta lau EAEtik kanpo bizi diren pertsonetan.

Halaber, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 371,96 kasura igo da erkidego osoan (Araban 409,74, Bizkaian 317,39 eta Gipuzkoan 431,25), eta gaitzaren birsorkuntza tasa 1,13 da (Araban 1,07, Bizkaian 1,10 eta Gipuzkoan 1,21).

Adin tarteka, 0-18 urteko taldean 132 kasu berri izan dira azken egunean eta intzidentzia tasa 427,76 kasukoa da; 19-39 urteko taldean 227 positibo izan dira (415,04), 40-64 urtekoenean 300 (389,23), 65-79 urtekoenean 103 (282,19) eta 80 urtetik gorakoen artean 30 (218,38).

Hiriburuetako egoerari dagokionez, intzidentzia tasa 447,42 kasukoa da Gasteizen, 400,60koa Bilbon eta 293,87koa Donostian. 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, Arabako eta Bizkaiko hiriburuekin batera, Bizkaiko Ermua, Markina-Xemein, Muskiz eta Ondarroa eta Gipuzkoako Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Beasain, Errenteria, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Tolosa, Urretxu, Zarautz eta Zumarraga eremu gorrian daude, 400dik gora kasu dituztelako 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatuan.

Azkenik, ospitaleen egoera dela eta, koronabirusaren ondorioz 74 pertsona erietxeratu dituzte ostegunean, eta guztira 366 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean bezala. Gainera, gaitza duten 106 pertsona zainketa intentsiboen unitatean daude, bezperan baino hiru gehiago.