Dantza Plazetan larunbatean hasiko da Bilbon eta 46 emanaldi eskainiko ditu

Actualizado 2015/01/29 16:52:50 CET

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Dantza Plazetan egitarauaren 14. edizioa jarriko du martxan larunbatean, urtarrilaren 31n. Euskal folklore herrikoia sustatzea da helburua, herrietako plazetan egiten ziren erromeriak, dantza erakusketak eta kalejirak eskainiz. Egitaraua antolatzeko, Bilboko zazpi dantza talderen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntza aktiboa izan du Udalak.

   Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Dantza Plazetan egitarauaren aurtengo edizioak 46 emanaldi eskainiko ditu urtean zehar banatuta, Deustu, Begoña, Ibaiondo, Abando eta Basurtu-Zorrotza barrutietako plazetan.

   Egitaraua larunbatean hasiko da, 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearekin eta hileko azken larunbatean Zazpi Kaleetako Santiago plazatxoan ospatzen den erromeria tradizionalarekin. Talde horrekin batera, Bihotz Alai Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai-Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Beti Jai Alai, 1. barrutiko taldeen koordinakundea, Deustuko Folklore Taldeak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra dantza taldeen federazioa arituko dira egitarauan.

   Halaber, aurtengo edizioan ere umeen erromeria ospatuko da, apirilaren 25ean, Indautxuko Felix Serrano ikastetxean. Horrez gain, uztaileko larunbat guztietan, Arriaga plazan, udako dantzaldiak izango dira -lehen igandean izan ezik, Kalealdiarekin bat datorrelako-, eta ekainaren 13an, Areatzan, Larrain Dantza ospatuko da.

   Erromerien, emanaldien eta kalejiren egutegi osoa Bilboko Udaleko webgunean (www.bilbao.net) eta herritarren informaziorako 010 telefonora deituz kontsulta daiteke.