Darabilbo programak euskarazko aisialdiko doako zortzi ekintza eskainiko ditu martxoan

Publicado: lunes, 1 marzo 2021 12:30

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak euskarazko aisialdiko doako zortzi jarduera antolatu ditu martxorako, Darabilbo programaren barruan. Ekintza datorren ostiralean hasiko dira, martxoaren 5ean, eta hilaren 31n amaitu.

Ohikoa denez, eskaintzaren barruan, gastronomia eta artisautza lantegiak eta era bateko eta besteko hitzaldiak daude. Gainera, 45na minutuko bi tailer izango dira, familiak euskaraz dibertitu ahal izateko elkarrekin. Eskaintza osoa eta informazio gehiago www.darabilbo.eus web orrian aurki daitezke.

Euskarazko doako jarduera horietan parte hartzeko baldintza bakarra da web orrian izena ematea eta 16 urte beteta izatea (familiako jardueretan izan ezik). Ekintza guztiak unean uneko osasun segurtasuneko neurrien eta gomendioen arabera egingo dira, eta horregatik, gerta daiteke eskaintza aldatzea.

Darabilbo Bilboko Udalaren programa bat da, Bilboko Euskaltegien Sarearekin elkarlanean landua, eta helburu du aisialdian euskararen erabilera sustatzea, hizkuntza ikasten ari diren pertsonen artean zein euskaraz bizi nahi dutenen artean.

Programa 2013an abiatu zen, eta askotariko jarduerak eskaintzen ditu. Ekimenak taldean egiten dira urteko hilabete guztietan (uztaila eta abuztua izan ezik) eta hiriko barruti guztietan. Parte hartzezko ekimena da guztiz, garapenean eta diseinuan, erabiltzaileek jarduerak proposa ditzaketelako, programari gehitzeko. Proposamenak whatsapp bidez egin daitezke, 607 530 132 telefonoan.