Díaz de Olanoren 'Rezo del ángelus en el campo' Arabako Arte Ederren Museora itzuli da, zaharberritu ondoren

Díaz de Olanoren 'Rezo del ángelus en el campo'.
ARABAKO ALDUNDIA - Archivo

Actualizado: lunes, 4 noviembre 2019 16:52

GASTEIZ, 4 (EUROPA PRESS)

Ignacio Díaz de Olano gasteiztarrak 1899an margotutako 'Rezo del ángelus en el campo' tamaina handiko olio pintura Arabako Arte Ederren Museoko hormetan eseki dute berriro, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak 2015ean hasitako zaharberritze lanak amaituta, foru erakundeak jakinarazi duenez.

Tamaina handiko mihisearen zati handi bateko pintura erabat zartatuta eta arrakalatuta zegoen. Margolana erradiazio ultramorearen pean jartzean, ikusi zuten zati handiak zeudela berriro pintaturik. Hori dela eta, berriz pintatutakoa eta horiztatutako berniza kendu eta pintura geruzak finkatu dira.

Esku hartzea bi fasetan gauzatu da: hasteko, Petra S. Coop. enpresak esku hartu zuen, 2015-2016 aldian, eta, ondoren, 2017-2019an, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuko Marina López Villanueva eta Soledad Rojo Rojo zaharberritzaileak aritu dira lanean.

Ignacio Díaz Olanok (Gasteiz, 1860-1937) 1899an margotu zuen 209 x 309 cm-ko margolana, eta 1901ean aurkeztu zuen Arte Ederren Erakusketa
Nazionalean, 'Mediodía' izenburupean. Gaur egun 'Rezo del ángelus en el campo' izenarekin ezagutzen da, baina beste izen batzuk ere izan ditu, esaterako, 'La yunta' eta 'Las doce'.

Soroetan egiten den lanari omenaldia eta otoitz egiteko eguerdiko 12:00etan lanak uzten ziren erlijio ohituraren isla da artelana. Margolanean ikus daitekeenez, egileak eguerdiko eguzki argia islatu nahi izan zuen batez ere, eta hori idi parean eta baserritarraren irudian ikus daiteke bereziki, haien itzalak goldatu berria den lurrean ikusten baitira.

DÍAZ DE OLANO

Ignacio Díaz de Olanok Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen lehen ikasketak, eta 1877an Bartzelonako Llotjan jarraitu zuen, 1880ra arte. 1880tik aurrera, Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen aldian behin, eta zenbait domina irabazi zituen.

1894an Italiara joan zen, haren mezenas eta lagun handia zen Felipe Arrietaren diruari esker, eta Erroman bizi izan zen ia bi urtez. Hiri hartan ezagutu zuen bere modelorik gustukoena, María Antonietta Proietti; margolariaren hainbat lan ezagunetan agertzen da, besteak beste, 'Las Planchadoras', 'El Restaurante' eta 'La vuelta de la Romería del Calvario' artelanetan. Obra horiek guztiak Arabako Arte Ederren Museoan daude, margolariari buruzko aretoan.

Italiatik itzuli eta gero, Gasteizen bizi izan zen, eta tailerra ireki zuen Arka kalean. Han hainbat margolari belaunaldiren irakasle aritu zen eta lan ugari egin zituen. 1901tik aurrera, margotzen jarraitzeaz gain, irakasle aritu zen Arte eta Lanbide Eskolan, eta zenbait urte geroago, are pedagogia lan handiagoa egin zuen hiriko institutuko marrazketa katedran.