Donostia Kultura irratia abiatu dute

Donostia Kultura irratia aurkeztu dute.
DONOSTIAKO UDALA

Actualizado: lunes, 21 octubre 2019 13:37

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Altzako Casares irratiak urrats berria eman du: Donostia Kultura irratia. Bere izaerari eutsiz, 1991ean sortutako irratiak jauzia eman du "hiriko eta aldirietako kulturaren leiho bihurtzeko", eta horrela, irratia "inguruko kultur ekosistema zabalari begira jarriko den leihoa izango da", beti ere, kultur zaletasunaren ikuspuntutik, aurkezpenean azaldu dutenez.

Horretarako, irratiaren baliabideak hobetzeaz gain, programazioa indartuko da, Ion Olano Carlos kazetari donostiarrak aurkeztuko duen 'Bestalde' eguneroko kultur magazin berriarekin; Donostia Kulturak antolatzen dituen hitzaldi, kontzertu eta abarren berria emango da saioan, podcast gisa.

Gainera, irratia.donostiakultura.eus webguneak aukera emango du irratia munduko edozein txokotik zuzenean entzuteko, eta grabatutako programa guztiak eta Donostia Kulturaren hainbat podcast gordeko ditu, nahieran entzun ahal izateko. "Kultura izango da irratiaren ardatza, eta herritarrak bihotza", adierazi dute.

Altzako Casares irratia lantegi gisa jaio zen duela ia 30 urte, eta izaera horri eusteko asmoa du. Ahozko komunikazioaren eta soinuaren formakuntza leku izaten jarraituko du, ikastaroen eskaintzaren bitartez, eta, betiko moduan, estudioak herritarren zerbitzura jartzen. Donostia Kultura Irratia FM 107.4 sintonian eta irratia.donostiakultura.eus webgunean entzun daiteke.