Actualizado 14/01/2022 16:06 CET

Donostiako 27 industrialdeko sarbide berriaren obra uda aurretik amaituko da

Goia, Olano eta Oiarbide, obra ikusten
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

GI-2132 errepidea Astigarraga parean Donostiako Martutene auzoan dagoen 27 industrialdearekin lotzeko obraren erdia baino gehiago burututa dago gaur egun eta, aurreikuspenen arabera, maiatzaren erdirako industrialdeak sarbide eta irtenbide berriak izango ditu.

Hala jakinarazi dute ostiral honetan Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak, lanen garapena eta obraren xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko egindako bisitan.

Hain zuzen, GI-2132 errepidearen 7,200 kilometro puntuaren parean egiten ari diren lotune erdia ikuskatu dute herri agintariek. Lotune erdi horrek Astigarragako Bidebitarte biribilgunetik industrialderako eta industrialdetik biribilgune horretarako mugimenduak ahalbidetuko ditu. Hartara, gaitasun handiko sareko sarbide berria emango zaio industrialdeari, Martuteneko biribilgunean trafikoa arinduz.

Toki horretan bide berri bat sortuko da lotune erditik, zeinak Petritegiko bidea gurutzatuko duen, ondoren, Astigarragako Galtzaur auzoa eta Antondegi gaina inguratuko dituen, eta, azkenik, 27 industrialdeko Ubarburu pasealekuari lotuko zaion.

Konexio berriak ia kilometro bateko luzera du, eta errepidearen trazatua eta lur mugimendu gehienak eginak daude. Horrela, obren erdia gauzatuta dago dagoeneko, lotunearen eraikuntzan beharrezkoak diren zazpi hormetatik lau amaitu direlako eta bosgarrena ere oso aurreratuta dagoelako. Lanak 2021eko maiatzean hasi ziren eta, guztira, sei milioi pasako aurrekontua daukate.

27 industrialdea bezala ezaguna den industria gunerako konexio berriaren eraikuntzari ekin zitzaion Donostiako eta Astigarragako udalen eta industrialdeko erabiltzaileen eskaerari erantzunez.

Industrialdea enpresa parke zabala da, gaur egun sarbide bakarra duena Martuteneko biribilgunetik. Proiektuaren helburu nagusia bide horretako trafikoa arintzea da. Sarbide berriak edukiera handiko sarearekin lotune zuzena eratzea ekarriko du, eta horrek asko arinduko du gaur egungo biribilguneak jasaten duen trafikoa.

Contador