Donostiako 54. Heineken Jazzaldian parte hartuko duten euskal taldeen hautaketa prozesua abian da

Ulrich Calvo Jazz Quartet talde nafarra iazko Jazzaldian
HEINEKEN JAZZALDIA
Actualizado: jueves, 18 octubre 2018 13:26

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Donostiako Heineken Jazzaldiak azken urteotan euskal jazz taldeen alde egindako apustua berretsi du 2019ko uztailaren 24tik 28ra egingo den 54. edizioan ere, eta jaialdian parte hartuko duten euskal taldeen hautaketa prozesua abiatu du, hainbat bide eskainita.

Hain zuzen ere, antolakuntzak jakinarazi duenez, egitarauko hamar kontzertu hautaketa prozesu baten bidez sailkatutako hamar taldek eskainiko dituzte. Hautatze prozesuari babes berezia eman dio Gipuzkoako Aldundiak, prozesu horren bitartez, Heineken Jazzaldiak Katapulta plataforman parte hartzen baitu. Plataformaren xedeak dira Gipuzkoako talentu gazteei bultzada ematea musikaren eta arte eszenikoen eremuan, eta lurraldeko eszena jarduerak dinamizatzea arloko klubei eta erakundeei babesa emanez.

Halaber, 2018an diskoa plazaratu duten beste bost taldek ere joko dute 54. Heineken Jazzaldian. Horrez gain, jaialdiak euskal musikarien beste proiektuak ere aukeratu ahal izango ditu. Hala egin zuen Inaki Salvador, Michel Portal, Víctor de Diego, Mikel Erentxun, Izaro eta Amateur iazko egitarauan sartuta, baita Niña Coyote eta Chico Tornado 2017koan eta Rural Zombies 2016koan ere. 2018an, guztira, 34 euskal bakarlari, talde eta DJk parte hartu zuten 53. Heineken Jazzaldiaren agertokietan.

Euskal jazz taldeen artean hautaketa prozesua egiteko ekimena 2006an jarri zen abian, arrakasta handiarekin. Iaz, 50 talde aurkeztu ziren eta horietatik 15ek Donostiako zenbait klubetan jo zuten, Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak programan sartuko ziren hamar taldeak hauta zitzan. Ikus-entzule asko bildu ziren eta euskal jazz taldeen maila altua agerian geratu zen.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko, www.heinekenjazzaldia.eus web orrian dauden hautaketa prozesuko oinarriekin batera zehazten den materiala bidali beharko dute Heineken Jazzaldira, azaroaren 19a baino lehenago. Jasotzen dituen proposamen guztien artean, antolakuntzak 15 talde hautatuko ditu, aurkeztutako musikaren kalitatea eta programazio estilora zenbateraino egokitzen diren kontuan hartuta.

15 talde horiek Donostiako klub eta lokaletan joko dute oraindik izendatu gabeko datetan (bat eguneko), 2019ko urtarrilatik apirilera bitartean. Emanaldien datak eta lekuak hedabideei jakinaraziko zaizkie interesaturik legokeen entzuleriak joateko modua izan dezan. Kontzertuen ondoren, Heineken Jazzaldiko antolakuntzak, entzuleen erreakzioa kontuan harturik, azkenean programan sartuko diren hamar taldeak aukeratuko ditu.

Hautaketa prozesuan parte hartzeak ez du lehiaketa izaerarik izango: prozesuaren xede bakarra 54. Heineken Jazzaldian parte hartuko duten tokiko taldeak hautatzea izango da.

DISKOA 2018AN

Bestalde, 2018an diskoa argitaratu duten tokiko jazz taldeek ere 54. Heineken Jazzaldian jotzeko aukera izango dute. Antolakuntza batzordeak bost talde hautatuko ditu aurkezten diren diskoen kalitatearen eta horiek duten interesaren arabera, eta horiek izango dira 54. Heineken Jazzaldian parte hartuko dutenak.

2018an diskoa argitaratua izan eta 54. Heineken Jazzaldian parte hartu nahi duten taldeek abenduaren 27a baino lehenago bidali behar dute diskoa jaialdiaren bulegoetara: Erregina Erregentea, 8-5. 20003 Donostia.

Deialdi hori ez da bateraezina tokiko hamar talde aukeratzeko prozesuarekin. Prozesu horretara aurkeztu den edozein taldek du aukera deialdi honetara ere aurkezteko, baldin eta 2018an diskoa atera duela frogatzen badu.