Actualizado 29/09/2022 12:54

Donostiako 58. Jazzaldian joko duten tokiko hamar taldeak hautatzeko prozesua abian da

Caligrama taldea Jazzaldian.
LOLO VASCO

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

Donostiako Jazzaldiak azken urteotan euskal taldeen alde egindako apustua berretsi du, eta 2023ko uztailaren 21etik 25era egingo den 58. aldian parte hartzeko hainbat bide eskainiko ditu. Hain zuzen ere, hamar emanaldi erreserbatu dira ostegun honetan abiatu den hautaketa prozesuaren bidez aukeratuko diren tokiko hamar taldeentzat.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Aldundiak babes berezia ematen dio hautatze prozesuari, Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren bidez. Ekimenaren xedea da musikaren eta arte eszenikoen esparruan Gipuzkoako talentu gazteei bultzada ematea eta Gipuzkoako eszena dinamizatzea, kluben zein antolatzaileen alde eginez.

Euskal jazz taldeen artean hautaketa prozesua 2006an jarri zen abian lehen aldiz eta harrezkero urtero egiten da, arrakasta handiarekin. Azken edizioan 47 talde aurkeztu ziren, horietatik 15ek Donostiako zenbait areto eta klubetan jo zuten eta antolakuntzak hamar aukeratu zituen azkenean iazko Jazzaldian parte hartzeko. Ikus-entzule asko bildu ziren eta tokiko jazz taldeen maila altua agerian geratu zen.

Bada, hautaketa prozesuan parte hartzeko, taldeek izen-ematea osatu eta oinarrietan zehazten den materiala bidali beharko dute Jazzaldiaren webgunera, azaroaren 4a baino lehen. Jasotzen diren proposamen guztien artean, antolakuntzak 15 talde hautatuko ditu, aurkeztutako musikaren kalitatea eta programazio estilora zenbateraino egokitzen diren kontuan hartuta.

15 talde horiek Donostiako klub eta lokaletan joko dute oraindik zehaztu gabeko datetan (bat eguneko), abendutik apirilera bitarte. Emanaldien datak eta lekuak hedabideei jakinaraziko zaizkie interesaturik legokeen entzuleriak joateko modua izan dezan. Emanaldi horien ondoren, eta entzuleen erreakzioa kontuan harturik, 58. edizioaren egitarauan arituko diren diren hamar taldeak aukeratuko ditu antolakuntzak.

Hautaketa prozesuan parte hartzeak ez du lehiaketa izaerarik izango. Izan ere, prozesuaren xede bakarra da Donostiako 58. Jazzaldian parte hartuko duten tokiko taldeak hautatzea.

Bestalde, Donostiako Jazzaldiak zuzenean aukeratzen dituen beste euskal musikari askoren proiektuak ere sartzen ditu egitarauetan. Asko izan dira modu horretan azken urteetako Jazzaldian parte hartu duten euskal talde eta musikariak, hala nola Arima Soul, Iñaki Salvador, Oreka Tx, Michel Portal, Mikel Azpiroz, Nogen, Belako, Stinus, Izaro, Amateur, Mikel Erentxun, Easo Abesbatza, Jon Urrutia, Víctor de Diego, Izaro, Niña Coyote eta Chico Tornado edota Rural Zombies.