Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak "Nacido en Siria" dokumentala eskainiko du otsailaren 14an

Actualizado 2017/02/02 13:46:45 CET
"Nacido En Siria" Dokumentala
DONOSTIAKO UDALA

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolaturiko Giza Eskubideen Zinemaldiak Hernan Zin argentinarrak zuzendutako "Nacido en Siria" (2016) dokumentalaren proiekzio berezia antolatuko du otsailaren 14an, arratsaldeko 19:00etan, Antzoki Zaharrean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, sarrera doakoa izango da, eserlekuak bete arte, eta aurretik Antzoki Zaharreko leihatilan jaso beharko da. Proiekzioaren ondoren solasaldi bat izango da, eta Rosabel Argote CEAR-Euskadiko ordezkariak eta Javi Julio argazki-kazetariak parte hartuko dute.

Goya sarietara proposatutako dokumentalak oso harrera ona izan du proiektatu izan den hirietan, eta hedabide espezializatuek "ezinbestekotzat" hartu dute errefuxiatuen errealitatea ezagutzeko edo "Europa lotsatuta utzi beharko lukeen dokumentala" delako.

Sirian gerra zibila hasi zenetik, indarkeriatik ihesi, lau milioi bat biztanlek utzi behar izan dute herrialdea. Haietatik erdia baino gehiago haurrak dira. "Nacido en Siria" dokumentalak haien oinazealdia kontatzen du: mafien abusuak, itsasaldi zakarrak, gehienek gainean daramatenarekin bakarrik aurre egiten ari zaien etorkizunaren ziurgabetasuna. Euren helmugara iristea odisea berri baten hasiera besterik ez dela erakusten du filmak, lurralde berri eta, kasu ugaritan, etsai batean integratzeko ahaleginetan.

"Bigarren Mundu Gerratik izandako exodorik handiena, metro eta erdiko altueratik ikusia, eta gerraren, sufrimenduaren, etsipenaren, baina baita superazioaren, errugabetasunaren, kemenaren eta itxaropenaren inguruko zazpi istorioren bitartez kontatzen zaiguna: Sirian jaio izanak zer esan nahi duen ulertzeko aukera emango diguten istorioak", adierazi dute antolatzaileek.

Dokumentala Hernan Zin zinemagile argentinarrak zuzendu du. Aurretik "Nacido en Gaza" (2014) zuzendu zuen, hori ere Goya sarietarako proposatua eta hainbat sari jasotakoa, besteak beste, Forqué saria edo Al Jazeerako Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria.