Donostiako langabeentzako doako euskara ikastaroetan izena emateko epea asteartean bukatuko da

Publicado: domingo, 20 septiembre 2020 13:32

DONOSTIA, 20 Sep. (EUROPA PRESS) -

Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte datorren udazkenean. Ikastaroetan izena emateko epea datorren asteartean itxiko da, irailaren 22an, eta oraindik bertan parte hartzeko aukera dago, talde batzuetan lekuak baitaude.

Ikastaroak urriaren 9an hasi eta abenduaren 4an bukatuko dira eta asistentzia nahitaezkoa izango da. Doako ikastaroetan 18 urtetik gorako langabe donostiarrek eman ahal dute izena, Donostiako edozein euskaltegi homologatutan eta sarean (www.donostia.eus). Izena emateko nahikoa da langabezia egoeran egotea izen-ematea hasi zen datarako, irailaren 1erako. Ikastaroek 120 ikastordu izango dituzte eta egunero hiru ordu emango dira, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:45era (ordu laurdeneko atsedenarekin).

Helburua da, batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerrenean daudenei euskara ikasteko aukera erraztea. "Behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Langabeek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu", adierazi du Jon Insausti Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak.

Iaz, guztira, 110 lagunek parte hartu zuten ikastaro hauetan eta ikasleen balorazioa positiboa izan da. Horietatik %25ek euskara ikasten jarraitzea erabaki zuten hiru hilabete horien ostean, "doako ikastaro horiek jaso eta gero, horietako ikasle batzuk euskara ikasten jarraitu zuten, motibatuta aritu diren eta euskara gaitasunean aurrera egin duten seinale".