Donostiako Literaktum jaialdiak 5.500dik gora lagun bildu ditu

Donostiako Literaktum jaialdiaren saioetako bat.
DONOSTIA KULTURA
Publicado: lunes, 28 noviembre 2022 14:14

DONOSTIA, 28 Nov. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Literaktum jaialdiaren aurtengo edizioak 5.500 lagun baino gehiago bildu ditu azaroaren 14tik 27ra bitarte antolatu diren 54 jardueretan, Donostia Kulturak jakinarazi duenez.

Literatura eta zinema izan du ardatz nagusi aurtengo jaialdiak, Donostiako Zinemadiak bete duen 70. urteurrena aintzat hartuta, eta bi lengoaia mota horien harira mintzatu dira idazle, gidoilari eta zinema zuzendariak.

Horrela, Literaktumen izan dira, besteak beste, Jesús Carrasco, Virginia Feito, Jon Arretxe, Eduardo Mendoza, Gabriela Ybarra, Lorenzo Silva, Abdellah Taia eta Miren Gorrotxategi idazleak, Ángeles González Sinde zuzendaria edota Joanes Urkixo eta Carlos Vila gidoilariak.

Jaialdiak nobela berriei erreparatzeko tartea ere izan du, eta euren lan berriez aritu dira María Oruña, Isaac Rosa, Héctor Abad Faciolince, Iban Zaldua eta Katixa Agirre. Pello Lizarralde, berriz, bere literatur ibilbideaz aritu da. Idazleekin antolatutako jardueretan, Eduardo Mendoza eta Héctor Abad Faciolincerenak izan dira jendetsuenak.

Bi urteurrenek ere izan dute presentzia literatur jaialdian: Pío Barojaren jaiotzaren 150. urteurrena, Soledad Puértolas eta Luis Antonio de Villena idazleen solasaldiarekin eta erakusketa batekin gogoratu du Literaktumek; Juan San Martin jaio zeneko mendeurrena, aldiz, bere seme Oierrekin solasean.

Idazleekin izandako solasaldiez gain, Literaktumen izan dira baita ere literatura beste lengoaia batzuekin elkarrizketan jarri dituzten jarduerak, hala nola mahai inguru eta poesia irakurketa, errezitaldi musikatuak, irrati tailerra, antzezlanak, bideo foruma, bertso saio literarioa eta bost erakusketa, oraindik ere abendua edota urtarrila bitarte ikusi ahal izango direnak.

Literaturzale gazteenentzat osatutako Literaktum Txikiaren programa ere arrakastatsua izan da. Ipuin kontalariak, antzezlanek, Haurren Egun Unibertsalaren 6. Festak, tailerrek eta 'Txano eta Oscarren abenturak' gaia izan duen ilustrazioa lehiaketak ere izan dute tartea programa zabalean.