Donostiako Udala martxoan hasiko da edukiontzi marroia hirian jartzen

Actualizado 2014/02/10 13:36:16 CET

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak datorren martxoan ekingo dio materia organikoa sailkatzeko txipa duen edukiontzi marroia hiri guztian zehar jartzeari. Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok aurkeztu du gaur edukiontzi marroia hiri osoan jartzeko kanpaina.

   Materia organikoa sailkatzeko txipa duen edukiontzi marroia oinarri duen sistema "aitzindaria izango da hiriburuen artean, eta Donostia inoiz iritsi ez den birziklatze tasetara eramaten lagunduko du", Galparsorok azaldu duenez.

   Horrela, bere esanetan, 2016an %60 birziklatze tasara iristea da helburua (egungo tasa %30ekoa da). "Herritarrek Donostia jasangarriagoa nahi dute, eta denon konpromisoarekin, helburuak lor ditzakegu", nabarmendu du.

   Galparsorok azaldu du "materia organikoa lehen hondakin gisa galtzen bagenuen, orain erabilgarri" bihurtuko dela, sukaldeko hondakin organikoak "ez baitira zabor, baliabide baizik". Izan ere, hondakin organikoak bereizi eta bildutakoan, fabrikan prozesatzen dira eta konposta egiten da; konposta hori, gero, nekazaritzan, lorategietan eta obra zibilean erabili daiteke.

   Edukiontzi marroia hiri osora hedatuko da. Martxoaren hasieran, egokitzapen fase batekin hasiko da Amaran eta Grosen, eta apirilean faska ekingo diote edukiontzia hiri osoan hedatzeari.

   Guztira, lau fasetan osatuko da inplementazioa: lehen fasean, Grosen, Saguesen, Erdialdean, Egian, Amaran, Amara Berrin, Morlansen eta Anoetan; bigarrenean, Ategorrieta-Ulian, Miracruz-Bidebietan, Aieten eta Antiguan; hirugarrenean, Añorgan, Miramon-Zorroagan, Altzan eta Intxaurrondon; eta azken fasean, Erriberetan, Alde Zaharrean, Ibaetan, Loiolan, Martutenen eta Zubietan.

   Fase bakoitzean, sentsibilizazio eta informazio kanpaina egingo du Donostiako Udalak, herritarrek sistema nola erabili behar duten ikas dezaten eta erabiltzera anima daitezen. Auzo guztietan izango dira herritarrei azalpen zehatzak emango dizkieten monitoreak, kalean jarriko diren erakusmahaietan. Guztira, 450 edukiontzi jarriko dituzte hiri osoan, eta Galparsorok aurreratu du uztailean amaituko dela inplantazio osoa.

ERABILERA

   Herritarrek bost pauso jarraitu behar dituzte sistema honetan izena emateko. Lehenik, txartela eskatu behar dute jokogarbia.donostia.org webgunean. Gainera, 010 telefonoan eta Udalinfo bulegoetan ere aukera izango dute izena emateko.

   Txartel pertsonalizatua etxean jasoko dute postaz, eta horrekin batera, materia organikoa modu erosoan jasotzeko materiala: laguntza gida, kuboa eta poltsa konpostagarriak.

   Materia organikoa poltsa konpostagarrietan sartzea beharrezkoa da ondoren kalean izango den edukiontzi marroian botatzeko. Familia edo etxe bakoitzak bere txartelarekin ireki behar du edukiontzi hori. Txartel horrek txipa du barrenean, eta edukiontziak duen mekanismo bat aktibatzen duenean, edukiontzi hori ireki egiten da. Poltsa konpostagarriak banatzeko makinak ezarrita egongo dira, poltsa gehiago behar dituztenentzat.