Donostiako Udalak 37.000 euro baino gehiago bideratu ditu euskaltegi homologatuen kolektiboak diruz laguntzeko

Donostiako euskaltegi bat.
DONOSTIAKO UDALA - Archivo
Publicado: martes, 4 agosto 2020 17:03

DONOSTIA, 4 Ago. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak hiriko euskaltegi homologatuen helburu espezifikoak dituzten taldeei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu ditu. Laguntza horietarako aurrekontua 37.804 eurokoa da.

"Ikasleak euskalduntze eta alfabetatze arruntera erakartzeko ahaleginarekin batera, lehentasunezkoa da gizarteko arlo guztietara zuzendutako ikastaro laburragoak sustatzea: gurasoei, aitona-amonei, ostalariei edo merkatariei zuzendutako ikastaroak, besteak beste", adierazi du Eneko Goia alkateak dirulaguntza honen inguruan.

Horrez gain, Donostian erroldatuta dauden langabetuentzako euskara ikastaroak antolatzeko euskaltegiei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu dituzte. Laguntza horietarako 34.200 euro bideratuko dituzte, hain zuzen.

Laguntza horiek arautzen dituzten oinarrien arabera, 18 urtetik gorako Donostiako langabeek parte hartu ahal izango dute ikastaro horietan. Helburua hamar talde antolatzea eta diruz laguntzea da 100 eta 120 pertsona langabetu eskolatzeko.