Donostiako Udalak "bideari ekin" dio 2021eko urtarriletik tasa turistikoa ezartzeko

Turistak Donostian.
DONOSTIA TURISMOA
Actualizado: jueves, 12 diciembre 2019 14:31

Pertsona eta gau bakoitzeko hiru euro ezarriz gero, urtean lau milioi euro bilduko liratekeela adierazi du Gascok

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Ernesto Gasco Turismo zinegotziak adierazi du Donostiako Udalak "bideari ekin" diola hirian tasa turistiko bat ezartzeko, eta espero du "2021ko urtarriletik" aplikatzea. Modu horretan, horrelako zerga bat sortuko lukeen lehen euskal udalerria izango litzateke.

Gascok azaldu duenez, asteazkenean Gasteizen izan zen Euskadiko Turismo Mahaian, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen ez zuela horrelako tasarik aplikatuko Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoan, baina ez zuela eragotziko horrelako zerga bat ezarri nahi duten udalerriek halako bat ezartzerik. "Donostiak beti adierazi izan du ezaugarri horietako tasa bat onartzeko borondatea, bildutako dirua hiriaren onuran erabiltzeko", gaineratu du.

Horrela, gogoratu du "Donostia Euskadiko turismoaren hiriburua" dela, eta bisitari kopuruak "nabarmen" egin duela gora azken urteotan. Hori dela eta, iritzi dio "zentzuduna" dela, beste turismo leku batzuetan gertatzen den bezala, tasa bat sortzea, "hiriaren beraren onuragarri".

Hain zuzen, Donostian tasa turistikoa sortzeko bi bide aztertu behar dituztela azaldu du. Alde batetik, tasa zerbitzu emate moduan jasotzen duen udal ordenantza aipatu du; turismoan diharduten jarduera guztiak arautzeko aukera emango luke, apartamentu turistikoak barne, eta diru bilketa osoa udalarena izango litzateke.

Beste bidea da Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren edo Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren gaineko
errekargua dakarren akordioa. Kasu horretan, foru arau bidez, urtean milioi bat euro baino gehiago aitortzen duten enpresek baino ez lukete ordainduko zerga, zerga betebehar hori ez duten jarduerak kanpoan utzita, hau da, ez litzateke sektorearen erregulazio osoa izango eta diru bilketa ere ez litzateke %100 udalarena izango.

"Bi aukeretan lan egingo dugu, baina ordenantzaren aldekoagoak gara, jarduera guztiak arautu eta diru bilketa udalak kontrolatuko bailuke", esan du Gascok.

Bestalde, Turismo zinegotziak azaldu du tasa turistikoak joteletako gauak zergapetzen dituela eta, beraz, ez diela eragiten eguna hirian ematen dutenei. Establezimenduaren kategoriaren arabera aldatzen da tasa: handiagoa da 4 eta 5 izarreko hoteletan, eta txikiagoa 3 izarrekoetan, landa turismoko etxeetan edo turismo etxebizitzetan.

URTEAN LAU MILIOI EURO

Donostiako Udalak simulazio azterlanak ditu, bai Donostiako Sustapenak egindakoak, bai Donostia Turismoak egindakoak, eta hainbat egoera aztertu dituzte, aplikatu beharreko tasaren arabera. "Azkenean, pertsona eta gau bakoitzeko hiru euro ezarriz gero, urtean lau milioi euro bilduko lirateke", adierazi du Gascok.

Frantzian, Italian, Alemanian, Austrian, Grezian eta Herbehereetan turismo tasa bat dutela esan du zinegotziak, eta Espainian bi erkidegok dutela: Balear Uharteak eta Katalunia. Gainera, Bartzelonak tasa berezia du, erkidegoko gainerakoekiko.

"Estatu mailan erreferentzia diren bi helmuga turistiko dira, eta tasa, bisitarien etorrera ez gutxitzeaz gain, diru sarrera garrantzitsu bat izan da, gizarte osoaren onuragarri. 2017-2018 aldian, Kataluniak errekorra hautsi zuen diru bilketan, 56,5 milioi euro, guztira. Balearrek ere errekorra lortu zuten, 122,7 milioi euro jaso zituen-eta 2018an", nabarmendu du.