Donostiako Udaltzaingoak drone bat erabiliko du hiri segurtasuneko lanetan

Donostiako Udaltzaingoak erabiliko duen dronea
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 22 octubre 2018 11:48

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaltzaingoak RPA (Remotely Piloted Aircraft) edo drone bat erabiliko du astelehen honetatik ohiko segurtasun eta prebentzio zereginak burutzeko. Tripulatu gabeko aireontzia zenbait egoeratan oso tresna lagungarria izango dela eta udaltzaingoaren lana errazteko, arintzeko eta hobetzeko balioko duela adierazi dute aurkezpenean Martin Ibabe Donostiako Udaleko Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziak eta Mikel Santamaria Donostiako Udaltzaingoko zuzendariak.

Gailu teknologiko berriak bereizmen handiko kamera bat darama, eta horrek, besteak beste, ekitaldi jendetsuetan jarraipena denbora errealean egitea ahalbidetuko du, baita irisgarritasun mugatuko tokietara iristea ere. Azken finean, "larrialdi egoeratan oso erabilgarria izan daitekeen lan tresna osagarria" gehitu da.

Azken belaunaldiko puntako teknologia integratzea hiritarren segurtasuna bermatzeko eta udaltzaingoaren lana osatzeko aurrerapauso berria dela ziurtatu dute, eta erositako drone berria larrialdi, ebakuazio, uholde, istripu edo erreskate kasuetan erabiltzeko prest dagoela.

Ibabek azaldu duenez, "drone berri honekin, Donostiako Udaltzaingoa azken teknologiaren abangoardian jarraitzen du eta, dagokion bezala, indarrean dagoen araudiaren barne erabiliko da, datuen babesa bermatuz eta abiazio zibileko agintaritzak adierazten duena jarraituz".

DJI Phantom 4 Pro dron modeloa da Donostiako Udaltzaingoak erabiliko duena. Bereizmen handiko kamera erantsita dakar eta irudiak denbora errealean monitore batean ikustea ahalbidetuko du. 1.800 gramo pisatzen du, 120 metroko altuera lortzen du 20 minutuko autonomiarekin, eta ikusmena galdu gabe 500 metroko distantziara hegan egin dezake.