Donostiako Zinemaldiak eguneratu egin du bere 2.0 webgunea, internautekiko komunikazioa hobetzeko

Actualizado 2011/03/21 15:10:23 CET
DONOSTIAKO ZINEMALDIA

DONOSTIA, 21 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Zinemaldiak hobetu eta eguneratu egin du bere 2.0 webgunea, sare sozialak baliatuz ikusleekin harremanak estutzeko asmoz eta internautekiko komunikazioa azkarragoa eta arinagoa izan dadin, zinemaldi donostiarreko arduradunek prentsa ohar bidez adierazi dutenez. Zinemaldia irailaren 16tik 24ra izango da aurten.

Facebook-en bidez, eta urte osoan zehar, besteak beste, honelako informazioa eskainiko die Donostiako Zinemaldiak bere webgunearekin bat egiten duten erabiltzaileei: ekitaldian parte hartu duten pelikulei buruzko albiste puntualak, programazioaren aurrerapena eta 59. edizioaren bilakaerarekin lotutako beste hainbat berri.

Horrez gain, internautek une oro jaso ahal izango dute Zinemaldian gertatzen ari denari buruzko informazioa Twitter-i esker, eta egun bakoitzeko irudirik onenak ikusi ahal izango dituzte Flickr-en. Sare horietara Donostiako Zinemaldiaren webgune ofizialaren bidez sar daiteke.

Bestalde, webgune ofizialaz gain, bi blog berri izango dira aurten, Zinemaldiaren antolatzaileekin harreman zuzena izateko aukera emango dutenak: alde batetik, Zuzendariaren bloga, Donostia Zinemaldiko zuzendaria den Jose Luis Rebordinosek egina; eta bestetik, Zinemaldiaren bloga, Hautaketa Batzordeko kide diren Quim Casasek, Roberto Cuetok eta José Ángel Herrero-Velardek idatzia.

Gainera, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak berariazko orria izango du Facebook-en, eta kontu bat Twitter-en. Zinemaldiaren webgune ofizialaren bidez jo daiteke bi horietara, ekimen garrantzitsu horiekin lotutako albiste garrantzitsu guztien berri izateko.

2.0 filosofiaren ildotik, Zinemaldiaren webguneak albiste-kanala eskaintzen jarraituko du RSS bitartez, eta funtsezko online zerbitzu gisa, edizio bakoitzean parte hartzen duten ekoizpen-etxeek eta banatzaileek kutxatilategi birtualaz gozatzen jarraitu ahalko dute, beren filmak sustatzeko material guztia online eta doan auto-kudeatzeko eta banatzeko.