Durangoko Azokak 274 stand izango ditu eta 439 nobedade aurkitu ahal izango dira

53. Azokako Egitaraua Aurkeztu Dute
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: martes, 20 noviembre 2018 13:47

Azokako aurrekontua 659.912 eurokoa da eta guneek 200 ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte abenduaren 5etik 9ra

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokako 53. edizioak 274 stand izango ditu Landako gunean, eta bisitariek 439 nobedade aurkitu ahal izango dituzte haietan. Azokako guneek 200 ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte abenduaren 5etik 9ra bitartean, eta aurtengo aurrekontua 659.912 eurokoa da.

53. Durangoko Azokako nobedade eta datu orokorrak aurkeztu dituzte astearte honetan, Landako gunean egindako prentsa agerraldian. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea eta Azokako guneetako ordezkariak izan dira aurkezpenean: Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia), Unai Pelayo (Ahotsenea), Esther Soto (Areto Nagusia), Ihintza Orbegozo (Plateruena), Oihane Agirre (Azoka TB) eta Gorka Julio (Kabi@).

Hain zuzen ere, astearte honetan hasi dira Landako guneko erakusguneen muntaia lanak. Nerea Mujikak gogoratu duenez, aurtengo Durangoko Azoka "anitza izango da, azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren islada".

"158 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte, erakunde eta banatzailek parte hartuko dute. Landako gunean 247 stand egongo dira eta horietan 439 nobedade aurkitu ahal izango ditugu: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta 23 bestelakoak. Autoekoizleen plaza ere izango dugu bosgarren urtez, eta 17 autoekoizle egongo dira bertan", zehaztu du.

Horrela, aniztasuna izango da aurtengo edizioko egitarauaren ezaugarri nagusietako bat, Gerediagako presidentearen hitzetan: "Azoka bizitzeko modu asko dago. Izan ere, batzuk sortuz eta besteak hartuz, izan kantu, poema, nobela, edo ilustrazio, sormenez beteko da Durango. Bertan aurkitu, ikusi, entzun, ikutu eta sentituko ditugu azken asteetan aurkeztutako diskoak, liburuak, ikus-entzunezkoak, kontzertuak eta emanaldiak".

SORMEN BEKA

Sortzaile berriei begira, Azokak ildo berria abiatu du aurten: Durangoko Azokako Sormen Beka. Zehazki, euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen lagunduko du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte. Beka urtero emango da, eta edizio honetako gaia literatura da. Irailean itxi zen lanak aurkezteko deialdia eta 28 lan jaso dira.

"Oso pozik gaude deialdiak izan duen harrerarekin eta jasotako lan kopuru eta kalitatearekin. Azokan emango dugu irabazlearen berri, abenduaren 6an. 2019ko Durangoko Azokara arte itxaron beharko dugu sormen bekaren lehenengo emaitzaz gozatzeko", azaldu du.

Aurtengo Durangoko Azokako aurrekontua 659.912 eurokoa da. Mujikak azpimarratu duenez, kopuru horrekin Azokak egiten duen ekarpena "handia" da: "Alde batetik euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona".

Azkenik, Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz joateko
gonbitea egin die bisitariei, eta autoz joango direnentzat doako autobus zerbitzua egongo dela gogoratu du, Landakotik Iurretako ordainlekuko inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.