Durangoko Azokak bere aniztasuna aldarrikatuko du 53. edizioan, "DA! asko dira!" lelopean

Aurtengo leloa, kartela eta ildo nagusiak aurkeztu dituzte
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: martes, 23 octubre 2018 13:49

Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen duten Txakur Gorria sormen kolektiboak egin du kartela

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokako 53. edizioko leloa "DA! asko dira!" izango da, bere aniztasuna aldarrikatuko baitu. Gainera, Azokako arduradunek aurtengo edizioko kartela aurkeztu dute, Txakur Gorria sormen kolektiboak egina. 53. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 9ra ospatuko da.

Aurtengo edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu dituzte astearte honetan, Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako prentsaurrekoan. Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendariak, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak. BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere egon dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia. "Euskal kultura oparoa eta aberatsa da eta aniztasun horren isla da Azoka. Kulturaren plaza da, merkatua, ikuskizuna, urteroko hitzordua, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua" azaldu du.

Durangoko Azoka "bakarra" dela, baina, aldi berean, Azoka "asko"· direla nabarmendu du Mujikak: "DA! bizitzeko modu asko dago. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ikutu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbatek sentitu".

Horrela, Azokako aniztasuna izango da edizioko ildo nagusietako bat. Izan ere, Mujikak azpimarratu duen bezala, sormenaren lurraldea anitza da, zentzu fisiko eta metaforikoan: "Bertan elkartzen da sortzaile berria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardista nahiz herrikoia, eta komertziala bezala apurtzailea".

Aniztasun hori ere presente egongo da Azokako egitarauan: kontzertu handiak eta intimoak, antzezlan luzeak eta mikroantzerkiak, proiektu ezberdinen aurkezpenak, kultura digitala, film-emanaldiak, umeentzako tailerrak. Gainera, anitza diras Azokan topa daitezkeen produktuak (nobela, saiakera, poesia liburu, komiki, disko, binilo, ikus-entzunezkoak) edo bisitariak: "Bertako korridoreetan gurutzatzen dira urtero Gabonetako opariak erostera etortzen den bikotea, lehen aldiz Azokara etorri den kuadrilla agenda goitik behera begiratuta, eta nobedadeen bila datorren kulturzale amorratua".

KARTELA

Halaber, prentsaurrekoan edizio honetako kartela ere aurkeztu dute. Txakur Gorria sormen kolektiboa da 53. edizioko kartelaren egilea. Mujikak gogoratu duenez, "azken urteetan ibilbide luzeko artistei agindu diegu enkargua eta benetako ohorea izan da Nestor Basterretxea, Itziar Ocariz, Marta Cardenas, Jose Luis Zumeta, Christine Etchevers eta Jose Antonio Sistiaga bezalako artisten arte plastikoekin osatzea Azoka. Baina Azoka etengabe biziberritzen ari da eta aurtengo irudia sortzeko sortzaile berriengana jo nahi izan dugu".

Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute Txakur Gorria sormen kolektiboa. "Oso oso pozik jaso genuen Durangoko Azokako eskaera, ilusio handia egin zigun", adierazi dute. Azokarekin harreman estua dute, eta aurreko urte bietan erakusleihoa izan dute kulturaren plazan: "Aurtengorako ere irrikan gaude".

Kartelean Landakon gertatzen diren mugimendu guztiak islatu nahi izan dituzte: "DA!-ri erritual izaera aitortzen badiogu, interesgarria da bertan antzezten dugun performanceari erreparatzea. Karteleko diseinua Landakoko planoan oinarrituta dago, eta bertan performatzen ditugun mugimendu guztiak iradoki nahi ditu, errotuladore ibiltariak bagina bezala: sarrera, irteera, geldialdi, orrialdeak pasatzeko keinu, besarkada. Mugimendu anitzak baina osagarriak, armonikoak, mugimendu handiago baten parte eta horren alde".