Durangoko Azokako guneetarako proposamenak aurkezteko epea astelehenean zabalduko da

- DURANGOKO AZOKA - Archivo

Actualizado: jueves, 12 septiembre 2019 11:20

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Sortzaileek Durangoko Azokako guneetan parte hartzeko aukera izango dute beste urte batez, eta proposamenak aurkezteko epea irailaren 16tik urriaren 14ra bitartean egongo da zabalik. Zazpi gune ezberdin izango dira eta, besteak beste, aurkezpenak, mahai inguruak, hitzaldiak, emanaldiak eta lantegiak izango dira lau egunetan.

Izan ere, bere arduradunek gogoratu dutenez, Durangoko Azoka "ez da liburuak eta diskoak erosteko leku soil bat, askoz haratago doa bere izaera". "Izan ere, Kulturaren Plaza bihurtzen da eta zenbait ekitaldiz gozatzeko aukera izan ohi da urtero urtero", nabarmendu dute.

Modui honetan, irailaren 16an zabalduko da Durangoko Azokak guneetan aurkezpenen bat egiteko deialdia eta urriaren 14ra bitartean izango dute sortzaileek beren proposamenak luzatzeko aukera.

Gune bakoitzari dagokionez, Areto Nagusian aurkezpenetarako 20 minutuko tarteak egokitzen dira, eta azokako partaideek eta euskarazko ekoizpenek dute lehentasuna. Hala ere, beste proposamen bereziek ere izaten dute noizbehinka lekua. Kabi@ gunean kultura digitalarekin zerikusia duten aurkezpenak eta ekitaldiak antolatzen dira; egitarauaren zati bat aurrez definitzen da, baina proiektu zehatzak aurkezteko behar izaten den tartea ere egokitzen da.

Ahotsenea sortzaileen gunean, aurten, webgunean egongo den formulario bidez bakarrik jasoko dira eskariak. Ahotsenea bi gunetan banatzen denez, bi formulario berezitu egongo dira: Ahotsenea Solasaldiak (euskarazko literatura lanak aurkezteko gunea da eta 20-30 minutuko aurkezpenak egiteko aukera dute sortzaileek) eta Ahotsenea Zuzenekoak (Landakogunearen alboan karpapean egokitzen den gunea da eta euskarazko lanak aurkezteko musika kontzertu laburrak dira, 20-30 minutukoak).

SZENATOKIA

Szenatokia San Agustin kulturgunean dago, oinezko bidean Landakogunetik bost minutura. Antzokia da eta euskarazko antzezlanek edota arte eszenikoekin zerikusia izan dezaketen proposamenek osatzen dute egitaraua. Dena den, aurrez definituta dago egitaraua da eta ez da gune honetarako deialdirik zabaltzen.

Irudieneari dagokionez, Durangoko Zine Zugazan dago, euskarazko ikus-entzunezkoak erakusteko gunea da eta aurkezten den ikus-entzunezkoaren emanaldia baino lehen, 10-15 minutuko azalpen laburra egiteko tartea izaten da. Saguganbara haur eta gazte arloan arte diziplina ezberdinetako sormen lanak ezagutzera emateko gunea da, eta denbora tarteak disziplinetara egokitzen dira.

Azkenik, Plateruenak egunez taberna zerbitzua eta gauetan kontzertu luzeak eskaintzen ditu azoka egunetan. Ez da aurkezpenetarako deialdirik zabaltzen, antzokiko arduradunek ohiko bideetatik programatzen dute eta ordaindutako kontzertuak dira.