Durangoko Azokaren 57. edizioa hasiko da asteazkenean Ikasle Goizarekin

Landako Gunearen kanpoaldea.
GEREDIAGA ELKARTEA
Actualizado: lunes, 5 diciembre 2022 12:31

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokaren 57. aldia abiatuko da asteazkenean, abenduaren 7an, Ikasle Goizarekin. Ohiko egitaraua eguerdian hasiko da eta inaugurazio ekitaldia arratsaldez izango da, 19:00etan, San Agustin Kulturgunean, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Horrela, muntaketa lanetan buru-belarri ari dira Landako Gunean, erakusmahaiak atontzen. Abenduaren 7tik 11ra antolatuko da aurten Durangoko Azoka, ohiko formatuarekin eta murrizketarik gabe, eta kulturzaleek 248 stand, 930 nobedade eta 270 kultur ekitaldi izango dituzte eskura, "euskal kulturaren eztandaz gozatzeko".

Azokak 10:30ean irekiko ditu ateak Ikasle Goizari ekiteko, eta, bi urteko hutsunearen ostean, milaka ikasle gerturatuko dira Euskal Herriko hainbat ikastetxetatik. Hain zuzen, Azokak 1.500 ikaslerentzako tailerrak antolatu ditu. Lehenengo aldiz, gainera, hezitzaileentzako eskaintza ere antolatu du Azokak, hezkuntzarako baliabide digital libreen eta kultura eta hezkuntzaren inguruan. Ikasleentzako tailerrak beteta dauden arren, Durangoko Azokarako sarrera librea izango da kulturzale guztientzat.

Ikasle Goiza amaituta hasiko da ohiko egitaraua Azokaren gune guztietan. Irudienean 'DemaS.A.' sortzaile amateurren arteko finala ospatuko da, 17:00etan. Saguganbaran Usue Egia durangarrarekin ilustrazio-tailerra egingo da, bera baita aurten Saguganba dekoratzeaz arduratu den sortzailea. Kabi@n Euskal Herrian sortutako euskarazko plataformak ezagutzeko aukera izango da: '2deo Laborategia, 'Frontoi', 'Memeka', 'Balea Funk', 'Gernika 2037' eta 'Triklatua'.

Ahotseneko solasaldiak Musika Eskolan egingo dira aurten ere, eta lehenengo egunean bertan hainbat sortzailek parte hartuko dute. 19:00etan 'Kepa Junkera Berpiztu' liburua aurkeztuko da, eta disko aurkezpenen kasuan, Plateruenan bost eguneko musika maratoia hasiko da, Olaia Inziarte, Maraca Diablo, Zakill, Sua edota Bolborarekin. Goxua'n Salsa taldearen saltsa doinuekin eta Delirium Tremens talde ezagunaren zuzenekoarekin amaituko da eguna.

HASIERA EKITALDIA

Szenatokian antolatuko da 57. Durangoko Azokaren hasiera ekitaldi ofiziala, 19:00etan. 'DrunDA!' izeneko ekitaldia Barrexerka taldeak gidatuko du, eta Gerediaga elkarteko eta Azokako babesle nagusietako ordezkariek parte hartuko dute.

Gainera, egunero bezala, Landako Guneko erakusmahaietan hainbat sortzaile euren azken lanak sinatzen egongo dira. Besteak beste, han izango dira Jakoba Errekondo, Saroa Bikandi, Igor Meltxor, Leire Milikua, Katixa Agirre eta Harkaitz Cano idazleak, edota Zea Mays, Zetak, Ilargi, ETS, Bulego, Gatibu, Rafa Rueda eta Ines Osinaga talde eta musikariak. Sinaduren ordutegia eta egitarau gaurkotua www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke.

Bestalde, Durangoko Azokako sareko denda ere asteakenan abiatuko da, eta Landako Guneko erakusmahaietan eskuratu ahal izango diren nobedadeak erosi ahal izango dira bertan abenduaren 10a arte.

Azkenik, Durangoko Azokak gonbitea luzatu die bisitari guztiei garraio publikoa erabil dezaten Durangora joateko. Auto pribatua erabiltzekotan, Azokak martxan jarri du doako autobus zerbitzua: Landako Gunea eta inguruko aparkalekuak lotuko ditu 20 minutuan behin, 10:30etik 20:00ak arte, eta martxan egongo da abenduaren 8tik 11ra bitarte.