EAEko biztanleen %60,7 euskalduna edo ia euskalduna zen 2016an

Jendea kalean paseatzen
EUROPA PRESS
Actualizado 2018/03/20 11:40:04 CET

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bi urteko edo gehiagoko biztanleen %60,7k zerbait bazekien euskaraz 2016an, hau da, 1.287.839 pertsonak. Hain zuzen, 895.942 euskaldunak ziren, alegia, euskaraz ongi ulertu eta mintzatzen zirenak, eta 391.897 ia euskaldunak, hots, ulermen ona edo halamoduzkoa zutenak eta zailtasunez hitz egiten zutenak, Eustaten datuen arabera.

Halaber, 2011tik 2016ra bitarteko bosturtekoan, euskaldunak 2011ko %37,2tik 2016ko %42,2ra gehitu dira, eta ia euskaldunak %7,1 puntu gutxitu. Euskaldunak %11,3 puntu gehitu dira 1996tik 2016ra EAEn.

Herrialdeetan, 2016an, Gipuzkoan %57,4 ziren euskaldunak, 2011n baino %4,1 puntu gehiago. Bizkaian, biztanleen %36,6 zen euskalduna (%5,4 puntu gehiago), eta Araban %28,5 (%4,6 puntu gehiago). Ia euskaldunak aintzat hartuta, 2016an, euskaraz zer edo zer zekiten lautik hiruk Gipuzkoan, bostetik hiruk Bizkaian eta bitik batek Araban.

Bilbo Handia (252.607), Donostialdea (156.382), Arabako Lautada (69.976), Urola-Kosta (57.207) eta Durangaldea (50.089) ziren euskaldunik gehien zuten eskualdeak, 85.000 euskaldun gehiago izanik 2011tik 2016ra.

EAEko eskualde ia guztietan ezagutza handitu zen 2011tik. Araban, Kantauri Arabarrean (%5,2), Lautadan (%4,8) eta Gorbeiako Inguruetan (%4,5) izan ziren gehikuntzarik handiena; Bizkaian, Bilbo Handian (%6,1), Enkarterrian (%5,9) eta Plentzia-Mungian (%3,6), eta Gipuzkoan, Donostialdean (%5,1), Bidasoa Beherean (%4,7) eta Goierrin (%3,3).

Hiriburuei dagokienez, euskaldunen kopurua %6 puntu gehitu da Bilbon 2011tik, eta 2016an 97.287 euskaldun zeuden, hau da, biztanle guztien %29. Donostian, euskaldunak %46 ziren 2016an (81.274 lagun), 2011n baino %5,4 puntu gehiago, eta Gasteizen, hiritar euskaldunak %27,3 ziren (64.347), 2011n baino %4,8 puntu gehiago.

UDALERRIAK

Udalerrien artean, Gipuzkoan, 40tan euskaldunak %80ren gainetik zeuden 2016an, Orexa (%94,6), Abaltzisketa (%94,5), Errezil (%94,1) eta Zerain (%93) nabarmenduz. Gipuzkoan dauden 88 udalerrietako 69tan euskaldun gehiago zeuden, eta Donostian, Zumarragan, Lasarte-Orian, Belauntzan eta Errenterian %5 puntu pasako gehikuntza izan zen.

Araban, Aramaio (%81,6) bakarrik zegoen %80ren gainetik. 2011rekin alderatuta, lurraldeko 44 udalerritan euskaldun gehiago zeuden 2016an, eta zazpitan gutxiago. Armiñon, Aiara, Erriberagoitia, Zuia, Kanpezu, Artziniega eta Alegria-Dulantzin, %6,1 eta %12,2 puntu bitarteko gehikuntzak izan dira 2011tik 2016ra.

Halaber, Bizkaiko 25 udalerritan euskaldunak %80 baino gehiago ziren 2016an, Ajangiz (%91,6), Amorroto (%90,9) eta Arratzu (%90) nabarmenduz. Bizkaiko 90 udalerritan euskaldun gehiago zeuden 2016an, eta 22tan gutxiago, 2011rekin alderatuta. Etxebarri, Arakaldo, Lanestosa, Sopuerta, Bakio, Trapagaran eta Barakaldon, %7 eta %9 puntu arteko gehikuntzak izan dira azterturiko bosturtekoan.

Adinaren araberako alde handiak zeuden 2016an euskararen ezagutzan. Horrela, 10 eta 14 urte bitartekoen %87,3 euskaldunak ziren, eta %22,2 70-74 urtekoen artean. Oro har, adinean gora egin ahala, ezagutzak behera egiten du. Horrela, 30 urtetik beherakoen artean euskaldunak %50en gainetik zeuden, eta adinean gora, proportzioa behera.

Azkenik, emakumeen %42,3 eta gizonen %42,1 euskaldunak ziren 2016an. Araban, emakume euskaldunak %29,5 ziren, gizonak baino %1,9 puntu gehiago; Bizkaian emakume euskaldunak %36,7 ziren, gizonak baino hamarren bat gehiago, eta Gipuzkoan ze zegoen alderik sexuen artean (%57,4).