EAEko biztanleria landunaren %24,8k hitzarmen kolektiboa berritu zuen 2018an

Actualizado 2019/07/16 12:28:20 CET
- EUROPA PRESS

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleria landunaren %24,8k hitzarmen kolektiboa berritu zuen 2018an, aurreko urtean baino %8,6 gehiagok, Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) astearte honetan plazaratu duen urteko txosten soziolaboralaren arabera.

Hitzaremen berrikuntza horietan batez besteko soldata igoera %1,86koa izan zen, Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) baino goraxeago, urteko batez bestekoa %1,6koa izan baitzen. Jakinarazitako kontratazioa %4,5 hazi zen, baina behin behinekotasuneko tasak (%25,8) enpleguaren kalitateari eragin zion.

2018ko abenduan egiaztatu zenez, EAEn hitzarmena eguneratuta zuten langileak %39,2 ziren 2017an, eta %47,4 urtebete geroago. Langileen %37,8k hitzarmena luzatuta zuten, eta %14,9k iraungita. Datu positiboak dira, 2017koekin alderatuz gero, LHK-k jakinarazi duenez.

Guztira, 330.594 pertsonak zituzten EAEn hitzarmenak negoziatuta, indarrean eta luzatuta; 160.812 pertsonak EAEn eragina zuten estatu mailako hitzarmenak zituzten, eta 86.027k hitzarmenak iraungita zituzten.

2018ko urtarriletik abendura, sektoreko hitzarmena indarrean eta luzatuta zuten langileak %57,4 izatetik %60,4 izatera pasa ziren; enpresako hitzarmenen eraginpekoak %23,2tik %24,7ra, eta hitzarmena iraungita zeukatenak %19,4 izatetik %14,9 izatera.

Bestalde, LHK-k emandako behin behineko datuen arabera, joan den maiatzean egoera aurreko urteetakoa baino hobea zen. Horrela, biztanleria landunaren %40,3k ohiko indarraldiko hitzarmena zuen, eta aurreko urtean, garai berean, %34,4 ziren; %41,7k hitzarmena luzatuta eta berritu gabe zeukaten, eta %18k hitzarmena iraungita.

SOLDATAK

Halaber, EAEn 2018an adostutako hitzarmenetan %1,86koa izan zen batez besteko soldata igoera, KPIren batez besteko igoera %1,6koa izan zelarik; soldata igoera 2017an %1,48koa izan zen eta inflazioa %2koa. Espainiar Estatuan indarrean diren hitzarmenetan adostutako soldata igoerak %1,75koak izan ziren 2018an eta %1,43koak 2017an.

2018an aurreko urteetako joera aldatu zen, batez besteko soldata kostua %2,4 handitu baitzen, eta soldatapeko biztanleak ere gehiago izan baitziren. 2019ko lehen hiruhilekoan joera bera izan da, eta batez besteko soldata kostua %1,5 hazi da, aurreko urteko garai berarekin alderatuta. Batez besteko soldata kostuak eta soldatapeko biztanleria aldi berean hazteak esan nahi du ekonomiaren hobekuntza soldatetan nabaritzen hasi dela.

Bestalde, joan den urtean 1.001.181 lan kontratu jakinarazi ziren EAEn, aurreko urtean baino 43.081 gehiago (%4,5). Kontratu mugagabeak 88.625 izan ziren, hau da, 15.297 gehiago (%20,9), eta aldi baterakoak 912.556, 27.784 gehiago (%3,1).

Halaber, 2019ko lehen seihilekoan 487.565 kontratu jakinarazi dira, aurreko urteko aldi berean baino 1.151 gutxiago (-%0,2). Mugagabeak %7,3 gutxiago izan dira (3.305 gutxiago), eta aldi baterakoak %0,5 gehiago (2.154 gehiago). Ekintzaileen aldeko kontratu mugagabeak kenduta, 2019ko lehen seihilekoan kontratu mugagabeak %7,9 hazi dira (3.101 kontratu gehiago).

BEHIN BEHINEKOTASUNA

LHKren arabera, behin behinekotasuneko tasak enpleguaren kalitateari eragiten dio; tasa hori %25,8 da EAEn, eta %14,2 EBn, batez beste. EAEn ez da azkar pasatzen aldi baterako lana izatetik lan finkora izatera: aldi baterako kontratutik mugagabera pasatzen direnek batez beste 35 hilabete itxaron behar dute, eta ez dute lortzen eraginpeko pertsonen erdiek ere.

Bestalde, EAEko biztanleak 2.180.449 dira, 2008tik 2018ra 32.695 gehituta. Biztanle aktiboak 13.500 gutxiago dira 2015etik 2019ko lehen hiruhilekora, eta landunak 42.200 gehiago. 2017an jarduera tasa %61,1 zen gizonetan, eta %51,9 emakumeetan; 2018an, aldiz, %61,5 zen gizonetan eta %52 emakumeetan.

Azkenik, joan den ekainean, bost urtez BPGn hazkunde jasangarria izan ondoren, Gizarte Segurantzan 973.417 pertsona afiliatu zeuden EAEn, 2008ko uztailean baino 9.518 gutxiago. Langabezia tasa %10,2 da 2019ko lehen hiruhilekoan, 106.200 langaberekin, eta 2008an %3,8 zen bitartean.