Emakumeen bizi itxaropena 86,5 urtekoa da EAEn, eta gizonena 80,3koa

Bizi itxaropenak gora egin du
SANITAS - Archivo
Actualizado: lunes, 17 diciembre 2018 11:44

Gizonen %87k eta emakumeen %82k beren osasuna ona edo oso ona dela baloratu dute

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Bizi itxaropenak ia urtebete egin du gora 2013tik Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizonetan eta 80,3 urtekoa da, Europan baino bi puntu handiagoa. Emakumeetan ia ez da aldaketarik egon bizi itxaropenean, eta 86,4 urtetik 86,5 urtera igo da, Europan baino hiru urte handiagoa. Gizonen bizi itxaropenaren gorakada desgaitasunik gabe bizi izandako urteen hazkundeari esker gertatu dela, lehen 69,3 urtekoa baitzen, eta orain, 70,1 urtekoa. Emakumeetan, aldiz, gorakada txikia antzeman da desgaitasunarekin bizi izandako urte kopuruan, 2013an baino 0,4 urte gehiago izanik.

Jon Darpón Osasun sailburuak, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak eta Nekane Murga Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariak jendaurrean aurkeztu dituzte astelehen honetan, Bilbon, EAEko hiritarren Osasun Egoerari buruzko Inkestaren datuak. Bost urtean behin Euskadin egiten da inkesta.

Osasun sailburuaren hitzetan, azterlana "oso garrantzitsua" da, euskal hiritarren "osasun egoera orokorra ezagutzen dugulako, lehentasunezko osasun arazoak identifikatzeko aukera ematen digulako, osasun mailako eta osasun arretako ekitatea balioetsi dezakegulako, gizarte taldeen osasun arretako premia berriak ezagutu ditzakegulako eta premietara egokitzen diren baliabideak esleitu ditzakegulako".

Inkestaren datuak batzeko etxez etxeko inkestak egin dira, 2017ko urritik 2018ko maiatzera bitartean. EAEko 5.302 etxe ausaz aukeratu dira, eta 12.071 pertsonari egin zaie inkesta. Inkestako parte hartzea %79koa izan da. Hori dela eta, Darpón-ek eskerrak eman dizkie elkarrizketa egin duten pertsona guztiei, bai eta inkestagileei ere, eginiko lanagatik.

Osasun sailburuaren arabera, osasun inkestaren bidez eskuratzen den informazioa "oinarrizkoa" da osasun programa nagusiak diseinatzeko edo osasun politiken erronka eta helburu handiak ezartzen dituzten eta jardun ildo nagusiak planteatzen dituzten osasun planak diseinatzeko.

Ezaugarri horiek dituen azken inkesta 2013an egin zen, eta haren emaitzen bidez elikatu zen 2013-2020 Osasun Plana. "Gaur aurkezten gabiltzan emaitza berrien bidez, bertan proposatu ziren erronkak eta ekintzak ebaluatuko dira, eta gakoak emango dizkigute hurrengo Osasun Plana prestatzeko", gaineratu du.

OSASUN EGOERA

Horrela, inkestaren datuen arabera, 2018an, gizonen %87k eta emakumeen %82k beren osasuna ona edo oso ona dela baloratu dute, Europako batez bestekoa baino %15 eta %16 gehiagok. 2013arekin alderatuta, osasun onak gora egin du bi sexuetan (lau puntu gizonen kasuan eta bost emakumeetan). Maila sozioekonomikoak behera egin ahala, behera egiten du antzemandako osasun ona.

Osasun mentaleko arazoen prebalentziak behera egin du 2013ren aldean: %40 gizonetan eta %32 emakumeetan. Emakumeen %17k eta gizonen %9k depresio edo antsietate sintomak ditu. Ingurune baztertuetan bizi diren pertsonek sintoma horiek edukitzeko ia hiru aldiz aukera gehiago dituzte.

Bizi kalitatean eragina duten arazoak dituen osasun dimentsio ohikoena mina edota ondoeza da: emakumeen %33an eta gizonen %24an du eragina. Ondoren datoz antsietateak edo depresioak, mugikortasun-arazoek edo eguneroko jarduerak egiteko zailtasunek.

Emakumeen %46k eta gizonen %42k dio gaixotasun kronikoren bat duela, eta arrisku kardiobaskularren faktoreen egonkortasuna antzeman da. Emakumeen %11k eta gizonen %9k jardueraren muga kronikoren bat du; tasa horiek ez dakarte funtsezko desberdintasunik 2013aren aldean.

ERRE ETA EDAN

Bestalde, tabakoa erretzeko ohitura etengabe ari da behera egiten azken urteotan. Horrela, gizonen %20k eta emakumeen %14k erretzeko ohitura du, eta aldea handia da gizarte ingurunearen arabera: klase altuenetan gizonen %12 erretzailea da, maila sozioekonomiko baxueneko %30en aldean; emakumeetan ez da aldaketa handirik erregistratu.

Gainera, murriztu egin da ohiko edaletzat jotzen den pertsona kopurua, alegia, gutxienez astean behin edaten duen pertsona kopurua: gizonen %56k eta emakumeen %35ek egiten du, 2013an baino %7 eta %2 puntu gutxiagok, hurrenez hurren.

Orobat, gizonen %14k eta emakumeen %11k obesitatea bizi dute; proportzio horrek behera egin du pixka bat emakumeetan, eta mantendu gizonetan. Azken urteotan, sedentarismoak %8 eta %6 puntu behera egin duela ikusi da, emakume eta gizonetan, hurrenez hurren. Halere, emakumeen %27k eta gizonen %20k ez du ariketa fisiko osasungarririk egiten.

Halaber, gora egin du fruta eta barazkien eguneroko kontsumoak, eta ohikoagoa da emakumeetan: emakumeen %77k eta gizonen %68k fruta hartzen du egunero. Barazkien kasuan, ehunekoak behera egiten du, eta %38koa da emakumeetan, eta %27koa gizonetan. Gainera, behera egin du egunero gozokiak jaten dituen pertsonen kopuruak, baina lau pertsonatik batek jaten ditu. Umeen %80k eta %84k bitartean jaso du bere amaren edoskitze naturala edo esne bankuarena.

OSASUN ZERBITZUAK

Bestalde, gizonen %93k eta emakumeen %91k esan du inkestan pozik daudela Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzuekin, eta osasun sistemaren aldeko iritzia duen biztanle kopuruak %2 puntu egin du gora. Emakumeen %14k eta gizonen %10ek lehen mailako arretako medikuari egin diote kontsulta azken 14 egunotan. Oro har, lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren kontsulta anbulatorioen eskariak behera egin duela ikusi da.

Larrialdiko arreta eskariak gora egin du, %3 puntu inguru. Emakumeen %18k eta gizonen %16k larrialdiko arreta jaso du EAEn inkesta egin aurreko sei hilabetean, eta gizonen eta emakumeen %7 ospitaleratu egin da, inoiz, inkesta egin aurreko 12 hilabetean.

Azkenik, baheketa programetako partaidetza dela eta, 50 eta 69 urte bitarteko emakumeen %82k mamografia bat egin du azken bi urtean, bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako. Kolon eta ondesteko minbiziaren detekzioa dela eta, gutuna jaso zuten emakumeen %91k eta gizonen %87k lagina aurkeztu zuten, eginkarietako ezkutuko odolaren proba egiteko (gizonen %90ek eta emakumeen %89k jaso zuten gutuna). Aldi berean, 15 urtetik gorako emakumeen %59k baginako zitologia egin du, duela hiru urte baino gutxiago.