EAEko esportazioak %3,1 eta inportazioak %19,4 gehitu ziren otsailean

EAEko esportazioak %3,1 eta inportazioak %19,4 gehitu ziren otsailean
BILBOKO PORTUA - Archivo
Actualizado: miércoles, 24 abril 2019 13:29

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ondasunen esportazioak 2.064,7 milioi eurokoak izan ziren joan den otsailean, hau da, iazko hil berekoak baino %3,1 handiagoak, orduan 2.002,2 milioi eurokoak izan baitziren. Ondasunen inportazioek %19,4 gehikuntza izan zuten, 2018ko otsaileko 1.501,4 milioi euroetatik aurtengo otsaileko 1.792,8 milioi euroetara, Eustaten datuen arabera.

Horrela, ondasun energetikoen esportazioak %27,5 murriztu ziren, eta ondasun ez energetikoek portaera ona agertu zuten, %0,6ko hazkundearekin. Halaber, inportazio energetikoek %39,4 egin zuten gora otsailean, eta ez energetikoek %13,5.

Herrialdeka, Gipuzkoa izan zen otsailean esportazioak gehien handitu zituena, %19ko hazkundearekin; Bizkaian %2,6 egin zuten gora, esportazio energetikoek atzera egin arren (-%29,7); Araban, ordea, %10,9 jaitsi ziren, garraio materialen beherapenak bultzatuta beste behin (-%17,4).

Inportazioak, aldiz, hiru lurraldetan handitu ziren: %5,5 Gipuzkoan, %11,9 Araban eta %28,8 Bizkaian. Hain zuzen, Bizkaiak markatu zuen EAE osoko joera, erkidegoko inportazio guztien %57,1 bildu baitzuen, hau da, 1.024,1 milioi euro (479,6 milioi euro produktu energetikoak erosteko erabili ziren).

Bestalde, beste behin, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua eta Amerikako Estatu Batuak izan ziren otsailean ere EAEko bezerorik hoberenak, esportazio guztien %44,7 hartuta. EB-28k esportazioen %70 bildu zuen.

Halaber, bost herrialde izan ziren EAEk otsailean erosi zituen ondasunen hornitzailerik handienak: Alemania, Frantzia, Errusia, Txina eta Mexiko, hurrenkera horretan. Bost herrialdeok EAEko otsaileko inportazio guztien %42,5 bildu zuten, eta EB-28 inportazioen %53,6ren jatorria izan zen.