Actualizado 30/09/2022 12:11

EAEko esportazioen prezioak %0,7 jaitsi dira bigarren hiruhilekoan aurrekoaren aldean

Archivo - Bilboko Portua.
PUERTO DE BILBAO - Archivo

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioen prezioek %0,7 egin dute behera 2022ko bigarren hiruhilekoan, lehenbizikoarekin alderatuta. Aitzitik, alderaketa aurreko urteko hiruhileko berarekin egiten bada, %11,4ko igoera izan da, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Inportazioen prezioek neurritsu egin dute gora urteko bigarren hiruhilekoan (%0,8), lehenbizikoarekin alderatuta, eta %21,1 gehitu dira 2021eko bigarren hiruhilekoaren aldean.

Esportazioetan %0,3ko aldakuntza positibo txikia izan da produktu energetikoen prezioetan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, berriz, hazkundea %24,4ra iritsi da. Produktu ez-energetikoen portaera apur bat negatiboa izan da hiruhileko arteko alderaketan (-%0,3) eta positiboa aurreko urtearen aldean (%10,7).

Inportazioen kasuan, produktu energetikoen prezioen indizea %8,8 hazi da hiruhileko arteko tasan, eta ez-energetikoena, berriz, %2,7 jaitsi. Urte arteko ikuspegitik, produktu energetikoen joera areagotu egin da, tasa %53,4 baita; produktu ez-energetikoek ere igoera nabarmena izan dute, %12,8koa.

Helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, igo egin dira kontsumo ondasunen esportazioen prezioak (%0,9) eta kapital ondasunen esportazioenak (%0,5), baina jaitsi egin dira bitarteko ondasunen esportazioen prezioak (-%1,2), lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Azken urteko bilakaerari erreparatuta, kategoria guztietan izan dira igoerak: kontsumo ondasunen prezioak %8,4 hazi dira, eta %12,3 kapital ondasunenak eta bitarteko ondasunenak.

Inportazioetan, bitarteko ondasunen prezioak igo egin dira, hala hiruhileko artean (%0,8) nola urte artean (%23,4), kapital ondasunenak bezala (%4,3 eta %6,1, hurrenez hurren). Kontsumo ondasunen kasuan, prezioek %2,8 egin dute behera aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta %7,8 egin dute gora aurreko urtearekin alderatuta.

EREMU GEOGRAFIKOAK

Esportazioek xede dituzten eremu geografikoak kontuan hartuta, prezioek, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, beherakada txikiak izan dituzte eremu guztietan; nabarmenenak munduko gainerakoan (-%1,7) eta EB-28an (-%1,2) izan dira. 2021eko bigarren hiruhilekoarekiko bilakaera kontrakoa da, eta prezioek gora egin dute eremu guztietan: munduko gainerakoan eta ELGAn %11,4 igo dira, Eurogunean %9,6 eta EB-28n %9,7.

Inportazioak aztertuta eta 2022ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, prezio igoerak atzematen dira eremu guztietan, ELGAtik datozenetan izan ezik, %1,1 jaitsi baitira; horrela, inportazioen prezioak %5,0 igo dira munduko gainerakoan, %3,0 Eurogunean eta %1,3 EB-28an.

Iazko bigarren hiruhilekoko inportazioen prezioekiko, igoera handiak izan dira eremu geografiko guztietan, eta nabarmentzekoa da munduko gainerakoan izandakoa (%41,0); Eurogunean %14,6 hazi dira, ELGAn %13,1 eta EB-28an %12,5.