EAEko 6 eta 12 urte arteko 209 ikasleren lanak ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan asteartetik

EAEko 6 eta 12 urte arteko 209 ikasleren lanak erakutsiko ditu Guggenheim Bilbao Museoak asteartetik
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: lunes, 17 junio 2019 14:19

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) publiko zein itunpeko bederatzi ikastetxetako 6 eta 12 urte arteko 209 ikaslek "Artea Ikasbide" programan ikasturtean zehar egindako artelanak izango dira ikusgai Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza gelan, asteartetik, ekainaren 18tik, irailaren 15era bitarte.

Modu honetan, aurten ere "Artea Ikasbide" programa aurkeztu du Guggenheim Bilbao Museoak. Programaren helburua da eskola curriculumeko gaiak ikasteko bideak eskaintzea ikasleei, jokoaren eta praktika artistikoaren bitartez. Egitasmoa burutzen duen erakusketak hasieratik izan ditu BBKren babesa eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza, museo bilbotarretik gogoratu dutenez.

Iñaki Gracenea, Zaloa Ipiña, Nerea Lekuona, Ixone Sadaba, Karlos Martinez Bordoy, Manu Muniategiandikoetxea, Jorge Rubio, Ibon Saenz de Olazagoitia eta Manu Uranga artistek diseinatu eta dinamizatu dituzte ikasturtean zehar 20 saiotan egindako lantegiak, Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza sailarekin eta EAEko bederatzi ikastetxetako profesionalekin elkarlanean.

Esperientzia horietatik sormenez betetako hainbat proposamen atera dituzte ikasleek, bestreak beste, buztinezko ahoak, sudurrak eta belarriak; antzinako tribu eta zibilizazioetan inspiratutako maskarak; animazio bideoak; material birziklagarriekin egindako landare eskulturak; inoiz ikusi gabeko faunaz osatutako animaliategia.

Argazkigintza, pintura, eskultura edo performancea bezalako bitarteko artistikoen bidez, neska-mutilei aurkikuntzak egiten, esperimentatzen, ikusten dutenaz hausnartzen, zalantza egiten eta ingurua ulertzen laguntzea da ekimenaren helburua.