EAEko herri erakundeek 68,5 milioi euro jarri zituzten iaz garapenerako lankidetzaren 863 ekimen bultzatzeko

Lankidetza proiektu baten parte hartzaileak
IREKIA - Archivo
Actualizado: lunes, 30 noviembre 2020 11:59

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakunde publikoek garapenerako lankidetzaren 863 ekimen bultzatu zituzten 2019an 60 herrialdetan, eta horretarako 68,5 milioi euro jarri zituzte. Ekimen guztien artetik, 554 joan den urtean hasi ziren.

Kopuru horiei buruzko xehetasunak argitaratu berri ditu Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria. Eusko Jaurlaritzaren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalen eta Euskal Fondoaren informazioa biltzen da bertan.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak jakinarazi duenez, Euskal Lankidetza Publikoaren Atariak aukera ematen du euskal erakunde publikoetatik sustatutako elkartasun ekimenei buruzko ikuspegi orokorra izateko. Hain zuzen, herri erakunde horiek dira EAEn garapenerako lankidetzarako funts publiko gehien bideratzen dituztenak.

Horrela, 2019an egikaritutako funtsen banaketa geografikoari dagokionez, %24 Hego Amerikara joan ziren, %24 Erdialdeko Amerikara, Mexikora eta Karibera, %20,5 Afrikara, %20,5 Europara, %8 Asiara eta %3 askotariko ekimenetara edo nazioartean egindakoetara.

Halaber, funts gehien jaso zituzten herrialdeak dira Guatemala (%8,2), Peru (%7), Kolonbia (%6,4), El Salvador (%5,6), Bolivia (%5,3), Ekuador (%4,2), Senegal (%4,2), Palestina (%2,9), Kuba (%2,8), Kongoko Errepublika Demokratikoa (%2,8) eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa (%2,4).

Europara zuzendutako funtsen portzentajeari dagokionez (%20,5), EAE bera da funts gehien jaso zituen lurraldea (%16,4), "gizartea eraldatzeko hezkuntzaren aldeko apustuaren adierazgarri". Gainerako %4,1 Europako mugetako krisi humanitarioak eragindako errefuxiatu eta migratzaileei arreta emateko erabili zen.

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria orain bi urte aurkeztu zen, eta 2014tik 2019ra bitarteko datuak biltzen ditu. Aldi horretan, EAEko herri erakundeek 371 milioi euro baino gehiago jarri dituzte elkartasun ekimenetarako. Funts horiei esker, 3.400dik gora ekimen laguntzeko aukera izan da, hala nola garapenerako lankidetzarako proiektuak, laguntza humanitario eta larrialdi laguntzakoak, eta gizartea eraldatzeko hezkuntza proiektuak.