EAEko industria jarduera %2,0 murriztu zen joan den uztailean

- EUROPA PRESS - Archivo

Actualizado: martes, 10 septiembre 2019 12:15

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria produkzioa %2,0 gutxitu zen joan den uztailean, lan egutegiko baldintza homogeneotan eta 2018ko hil beraren aldean. Modu honetan, 2019ko lehen zazpi hiletan, industria jarduerak %0,3ko hazkundea izan du, 2018ko aldi beraren aldean. Urtaroen eragina zuzenduta, industria jarduera %2,1 jaitsi zen uztailean, aurreko hilarekin alderatuta, Eustaten datuen arabera.

Uztaileko indizearen bilakaerak emaitza ezberdinak dakartza sektore industrial handietan, 2018ko uztailekoaren aldean. Horrela, energia %8,5 gehitu da, eta bitarteko ondasunak %4,0; ekipoko ondasunak %2,2 murriztu dira, eta kontsumoko ondasunak %3,5. Hil arteko aldakuntzari dagokionez, energia %1,9 igo da, baina ekipoko ondasunak %3,3, bitarteko ondasunak %1,2 eta kontsumoko ondasunak %2,5 jaitsi.

Bestalde, EAEko industrian pisurik handiena duten sektoreen artean urte arteko hazkundea izan dira energia elektriko, gas eta lurrunean (%26,8) eta material eta ekipo elektrikoan (%3,8). Alderantzizko zentzuan, jaitsierarik handienak izan dira kautxu eta plastikoetan (-%5,9), metalurgia eta produktu metalikoetan (-%4,3) eta elikagai, edari eta tabakoaren industrietan (-%2,7).

Azkenik, lurraldeei dagokienez, industri produkzioaren indizearen uztaileko urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiruretan: Gipuzkoan %3,4 murriztu da, Araban %2,0 eta Bizkaian %0,6.