EAEko industriaren prezioak %1,0 jaitsi dira abuztuan aurreko hilaren aldean

Archivo - Industria pabiloia
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: viernes, 23 septiembre 2022 11:32

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren prezioek %1,0 egin dute behera 2022ko abuztuan aurreko hilaren aldean, eta horrela, abuztuko urte arteko tasa %21,3koa izan da, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Azterketa xeheagoa eginda, erauzketa industriek (%1,5), industria kimikoak (%1,0) eta farmazia produktuen fabrikazioak (%0,7) izan dituzte abuztuan prezioen hazkunderik handienak, eta kokeriak eta petrolioa fintzeak (-%5,4), ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintzak (-%1,1) eta metalurgia eta metalezko produktuek (-%1,0) jaitsiera handienak.

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, prezioek izan dituzten aldakuntza guztiak negatiboak izan dira abuztuan uztailaren aldean, ekipo ondasunetan izan ezik, %0,2ko igoera izan baita. Horrela, energiaren prezioak %3,0 jaitsi dira, bitarteko ondasunenak %0,6, eta kontsumo ondasunenak %0,2.

Bestalde, urte arteko aldian, kokeriak eta petrolioa fintzea (%57,4), energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%43,3) eta industria kimikoa (%29,8) adarretan izan dira prezioen hazkunderik handienak, eta ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintzan (%1,3) eta garraio materialaren fabrikazioan (%2,8) txikiagoak.

Helburu ekonomikoaren araberako ondasun talde handien prezioen urte arteko aldakuntza positiboa izan da guztietan: energiaren prezioak %51,2 igo dira, bitarteko ondasunenak %17,3, ekipo ondasunenak %5,0 eta kontsumo ondasunenak %10,4.