Langabezia tasa %10,2 da EAEn eta biztanleria landuna %0,2 jaitsi da urteko lehen hiruhilekoan

Oficina de Lanbide
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: miércoles, 17 abril 2019 11:56

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa %10,2an kokatu da 2019ko lehen hiruhilekoan, aurrekoan baino %0,1 gutxiago. Halaber, 935.100 pertsona landun daude, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 2.300 gutxiago (-%0,2). Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren emaitza gisa, jarduera tasa %56,5 da urteko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino %0,1 gutxiago, Eustat erakundeak landutako datuen arabera.

Azken urtean, 2018ko lehen hiruhilekoko %11,3tik aurtengo lehen hiruhilekoko %10,2ra izatera pasa da langabezia tasa, eta pertsona landunak 16.200 gehitu dira aldi horretan: 9.000 gizon eta 7.200 emakume gehiago.

Lurraldeka, eta aurreko hiruhilekoaren aldean, Araban jaitsi da gehien okupazioa, 2.300 pertsona landun gutxiago baitaude; Gipuzkoa du atzetik, 400 gutxiagorekin, eta Bizkaian, aldiz, 400 pertsona gehiago dabiltza lanean. Hiriburuei dagokienez, Gasteiz da okupazioa gehien gutxitu den hiriburua: 1.900 pertsonal landun gutxiago; aldiz, Bilbon, 900 pertsona gehiago dabiltza lanean, eta Donostian, 1.300 gehiago.

Generoari dagokionez, okupazioaren jaitsiera emakumeen artean gertatu da, 6.400 landun gutxiago baitaude aurreko hiruhilekoan baino; gizonen artean, aldiz, 4.100 gehiago dabiltza lanean.

Sektoreka, EAEko biztanleria landuna 1.400 pertsonatan handitu da, eta 400 lagunetan lehen sektorean; aitzitik, industrian 2.100 landun gutxiago daude, eta zerbitzuetan 2.000 gutxiago.

Bestalde, okupazio tasa, 16 eta 64 urte arteko adineko pertsona landunen ehunekotan kalkulatuta (adin horietako guztizkoen aldean), %0,4 puntu jaitsi da urteko lehen hiruhilekoan, aurrekoaren aldean, eta %67,6an geratuda. Tasa hori %72 da gizonen artean, eta %63,2 emakumeen artean.

Lurralde bakoitzari dagokionez, okupazio tasa altuena Gipuzkoak du, %69,1ekin, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,3 puntu jaitsi den arren; bigarren Araba dago, %67,5eko tasarekin (-%1,7), eta azkenik Bizkaia, %66,7ko tasarekin (-%0,1).

Halaber, zenbatetsi da 892.100 etxe inguru daudela EAEn 2019ko lehen hiruhilekoan, eta horietatik, heren batek ez du pertsona aktiborik, etxeen erdian baino gehiagotan pertsona aktibo guztiak landunak dira (aurreko hiruhilekoan baino 1.200 familia gehiago), eta pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxeak 30.800 dira (aurreko hiruhilekoan baino 2.200 gutxiago).

LANGABEZIA

Bestalde, zenbatetsi da EAEn 106.200 langabe daudela, alegia, enplegua bilatzen ari diren, bilaketa kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lanerako eskueran dauden pertsonak, aurreko hiruhilekoan baino 1.100
gutxiago. Gizon langabeen taldean 49.200 pertsona daude, 5.800 gutxiago, eta emakume langabeen kopurua 4.800 gehitu da, hiruhilekoan 57.000ra heltzeraino.

Horrela, 2019ko lehen hiruhilekoan langabezia tasa %10,2 da, aurreko hiruhilekoan baino %0,1 gutxiago. Gizonezkoen langabezia tasa %9 da (%1,1 puntu gutxiago), eta emakumezkoena, berriz, %11,5 (%1 puntu gehiago). Gazte langabezia tasa jarraitzen du altuena izaten, %19,7, eta %0,6 igo da aurreko hiruhilekoaren aldean.

Lurraldeka, pertsona langabeen kopuruaren jaitsiera handiena Gipuzkoan gertatu da (-1.200), eta langabezia tasa %7,9 da, aurreko hiruhilekoan baino %0,3 puntu gutxiago. Bizkaian, 61.800 langabe daude, 300 gutxiago, eta langabezia trasa %11,3 da, %0,1 puntu gutxiago. Araban, 500 langabe gehiago daude aurreko hiruhilekoan baino, eta langabezia tasa %0,4 puntu igo da, %11,3raino. Hiriburuei dagokienez, Donostian jaitsi da langabezia gehien, 1.800 pertsona langabe gutxiago
baititu, atzetik Bilbo (-1.200) eta Gasteiz (-200) dituela.

Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren datuen arabera, joan den otsailean, Europar Batasuna-28 osoko langabezia tasa %6,5 izan zen, eta Espainiakoa, berriz, %13,9.

URTE ARTEAN

Bestalde, EAEko biztanleria landuna 16.200 pertsonatan gehitu da 2018ko lehen hiruhilekoaren aldean, hau da, %1,8. Okupazioa jarduera sektore guztietan hazi da, industrian izan ezik, eta zerbitzuak nabarmendu dira, 15.900 pertsonatan igo baita okupazio garbia. Langabezia tasa %1,1 puntu jaitsi da, %11,3tik %10,2ra) eta, era horretan, 11.000 pertsonak utzi diote EAEn lanik gabe egoteari, 2018ko lehen hiruhilekoko datuen aldean.

Halaber, zenbatetsi da EAEn batez beste 869.900 pertsona daudela Gizarte Segurantzara bazkidetuta, eta haietatik %98,8 lanean daude, Lanaren Nazioarteko Erakundearen irizpideen arabera, hau da, 859.400 pertsona. Landunen artean %7,5 ez daude bazkidetuta Gizarte Segurantzara, ez baitira agertzen EAEn finkatutako enpresen artean, edo funtzionarioen mutualitate publikoetako kide direlako, edo beste egoera batzuetan daudelako.

Azkenik, zenbatetsi da EAEn 106.300 pertsona langabe daudela Lanbiden izena emanda hiruhileko batez bestekoan, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarrak dira eta, inkesta egiteko unean, Lanbiden zuten izena emanda erregistratutako langabezia deitutako kategoriaren batean. Horietatik %67 langabeak dira Lanaren Nazioarteko Erakundearen definizioaren arabera: 71.300 pertsona langabe. Langabe horien artean, %32,4 ez daude izena emanda Lanbiden langabe gisa (34.400 pertsona), nahiz eta beste kategoria batzuetan egon daitezkeen.