EAEko Neguko Bidezaintza Planak 300dik gora baliabide mugikor izango ditu 2018-2019 neguan

Elurra errepidean
SEGURTASUN SAILA
Actualizado: viernes, 9 noviembre 2018 13:19

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak abiatuko duen Neguko Bidezaintza Planak 300 baliabide mugikor baino gehiago izango ditu erabilgarri, elurra kentzeko makinak, garabiak eta laguntzako eta zaintzako ibilgailuak kontuan hartuta, Euskadiko errepide sareko zirkulazioa bermatzeko helburuarekin.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendariak ostiral honetan aurkeztu du 2018-19 Neguko Bidezaintza Plana, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan egindako lan bileran, Bilbon. Bertan izan dira Ertzaintza, foru aldundi, autobide, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zerbitzu eta Espainiako Gobernuko ordezkariak.

Horrela, 2018-2019 ekitaldiko Neguko Bidezaintza Planak aurreko urteetako oinarrizko parametroak mantenduko ditu, eta aktibazio partzialaren aukera eskainiko du, elur mailaren eta prezipitazio bolumenaren arabera. Díaz de Corcuerak azaldu duenez, planaen jarraipen eta informazio fasea elur maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur maila 700 metrora jaisten denean.

Horrela, datorren negualdian, elurra kentzeko aldundien eta autobideen 185 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren zazpi garabi astun eta beste 130 ibilgailu izango dira koordinazio eta zaintza lanetarako. Horiei guztiei, Ertzaintzako lurraldeko trafiko unitateetako patruilak gehituko zaizkie, eta patruila kopurua ertzain etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da.

Negualdiko lehenengo elur prezipitazioak ohikoa baino lehenago iritsi dira. Hain zuzen, urriaren 27an aktibatu zen lehen aldiz Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen eta informazio fasea, eta fase operatiboa, berriz, urriaren 29ko gauerditik eguerdira arte, elur maila 700 metrotik behera jaitsi zelako Euskadiko hainbat tokitan, errepide sare nagusiko zirkulazioan eragin handirik izan ez zuen arren.

Aurreko neguan, plana aurreko urteetan baino askoz ere gehiagotan aktibatu behar izan zen. Zehazki, jarraipen eta informazio fasea 17 aldiz aktibatu zen (aktibazioak 2016-17ko neguan baino bederatzi gehiago eta 2015-16an baino sei gehiago izan ziren). Fase operatiboa, berriz, hamar aldiz aktibatu behar izan zen (aurreko ekitaldiko aktibazioak baino lau gehiago eta 2015-16an baino bi gehiago).

AHOLKUAK

Bestalde, Trafiko Zuzendaritzak zenbait aholku praktiko eman ditu datorren negualdiari begira. Horrela, eguraldi txarrarekin kontu handiz eta zuhurrago ibili behar da errepidean, abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurrean doazen ibilgailuekin, zoru bustian distantzia handiagoa behar baita ibilgailua gelditzeko.

Pneumatikoek egoera onean egon behar dute, pneumatiko higatuek ez baitute ura behar bezala husten eta istripua eragin dezakete. Neguko pneumatikoek jartzeko aukera baloratzea gomendatzen da, trakzio, frenatze ahalmen eta kontrol hobea eskaintzen dutelako zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean. Neguko pneumatikoak muntatu ez badira, bidean elurra dagoenean behar beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea zirkulatu ahal izateko.

Hotz handia egiten duen egunetan kontuz izan behar da izotzarekin, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez dutelako libratzen irristatzeko arriskutik. Beraz, ezinbestekoa da astiroago eta zuhurrago gidatzea. Beira garbigailuak dira zaindu beharreko beste elementuetako bat: baldintza onetan eduki behar dira beti, euria edo elurra ari duenean errepidea ongi ikusi ahal izateko.

Era berean, funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokea ez daitezen eta ibilgailuaren kontrola gal ez dezagun. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motorreko frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.

Azkenik, elurrarekin abiatzean garrantzitsua da pixkana azeleratzea. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko da gurpilei indar txikiagoa aplikatzeko.