EAEko saltoki eta elikadura kate handietako salmentak %0,4 gehitu dira urtarrilean

Archivo - Supemerkatu bat.
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: viernes, 26 febrero 2021 10:52

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritza azalera eta elikadura kate handietako salmentek urte arteko %0,4ko igoera izan dute urtarrilean, prezio konstanteetan eta lan egutegiko termino homogeneoetan. Aurreko hilaren aldean, berriz, salmentak %5,2 jaitsi dira, urtaro eraginik gabeko terminoetan, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Zehazkiago, elikagaien salmentek %7,8ko urte arteko hazkundea izan dute urtarrilean saltoki eta elikadura kate handietan, eta gainerako salgaiek, berriz, %11,9ko jaitsiera, egutegiaren ondorioak atera ondoren. Abenduarekin alderatuta, eta urtaro eraginik gabeko terminoetan, prezio konstanteetako elikagaien salmentak %0,4 jaitsi dira urtarrilean, eta gainerako produktuenak %15,3.

Lurraldeka, urtarrileko salmentak %2,3 gehitu dira Araban eta %1,1 Gipuzkoan, urte arteko terminoetan, egutegiaren ondorioak atera ondoren; Bizkaian, ordea, %0,5 murriztu dira.

Azkenik, EAEko saltoki eta elikadura kate handietako langileen kopurua %0,2 gutxitu da urtarrilean, aurreko urteko hil beraren aldean, eta %1,3 gehitu, aurreko hilaren aldean, urtaro eraginik gabeko terminoetan.